Joan den asteburuan, ekainaren hasierarekin batera, hasi egin zen hondartza-denboraldia Bizkaian. Bada, datorren larunbatetik aurrera, ekainak 7, Bilboko Udalak martxan jarriko ditu urian zehar dauden hiri-hondartzetako dutxak. Aurten, gainera, denboraldia nobedadeekin dator.

Betiko lekuez gain, datozen egunetan bi toki berritan ere ipiniko dira, urte honetatik aurrera. Zehazki, Ametzola eta Sarriko izango dira udako natura- eta aisialdi-espazio berriak –bi kasuetan, hamaken ondoan–. Jakina denez, pandemiaz geroztik zenbait hiri-hondartza sortu ziren: Arraiz mendikoa, San Antoniokoa, Ibaiederrekoa eta Etxebarria parkekoa.

Azken batean, hiri-ingurunean dauden espazioak dira, aisialdian erabiltzeko, itzalarekin eta ur-hornidurarekin. Espazio horiek udako hilabeteetan aisialdi osasungarriko alternatibak eskaintzen dituzte aire zabalean.

Ametzolako eta Sarrikoko gune berriek bina dutxa izango dituzte –ekainaren 16an, astelehena, jarriko dira martxan–.  Arraiz mendian, berriz, hamasei dutxa jarriko dira, San Antonio parkean bost, Ibaieder parkean bi, eta Etxebarria parkean beste bi. Azken toki horretan, gainera, haurrentzako gune bat dago, ur-jolasekin. 

Dutxa guztiek elektrobalbulak edukiko dituzte, 10:00etatik 22:00etara erabili ahal izateko.

Hala, Bilboko hiri-hondartzak sendotu eta barruti berrietara zabaltzen dira, hiritik irten gabe udaz gozatu nahi dutenei alternatiba freskagarri bat eskainiz.  

Denboraldia, Bilbao Kirolaken kiroldegietako kanpoko igerilekuen denboraldia bezala, irailaren 14an amaituko da.