Izartxo Bilbao Madariaga aisialdi elkartearen 'Ibilbide solidarioa', Harrobia Ikastola-Ibar Ezkerra Ikastola Kooperatiba elkartearen 'Kirol inklusiboa: jarduera fisikoa guztiontzat' eta Bizkaiko Psikologia Elkargoaren 'sikologia kalean' izan dira aurten Bilbao Balioen Hiria VII. sariak jaso duten proiektuak. Asteazken honetan arratsaldean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok banatu ditu sariak.

Guztira, 74 proiektu aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Lehiaketaren helburua da Bilboko Balioen Agirian jasotako balioak sustatzen dituzten eta auzo, barruti edo hiri mailan gauzatu diren edo gauzatzen ari diren ekimenak jendaurrean aitortzea.   

Aurkeztutako 74 proposamenak -aurreko edizioan baino 18 gehiago4 motatakoak izan dira: 48 proiektu elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek garatutakoak; 19 proiektu ikastetxeek; 2 proiektu unibertsitateek eta 5 proiektu enpresek, saltokiek, ostalaritzak, elkargo profesionalek edo antzeko erakundeek garatutakoak izan dira; guztiak Bilbokoak.   

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok txalotu eta eskertu egin ditu Bilbao Balioen Hiria VII. Sarietara aurkeztutako ekimen guztiak.Lehiaketa honekin balioen pultsometroa jartzen dugu, eta adierazle guztiek markatzen dute gero eta hobeto egiten dugula aurrera, eta hori beren printzipioak argi dituzten herritarrei esker da.

Saritutako hiru proiektuak

Izartxo Bilbao Madariaga aisialdi elkartearen 'Ibilbide solidarioa'

"Ibilbide solidarioa" proiektuan, Izartxo elkarteko Urratsak 1 taldeak -16-17 urteko gazteek osatua- udan Iruñetik Bilborainoko bidea egingo du oinez, 9 egunez.  Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek egunero leku desberdin batean lo egiten dute, eta Euskadiko gizarte sareko hainbat elkarte bisitatzen dituzte. Helburua gizarte-bazterkeriaren hainbat errealitatetara hurbiltzea da, eta bidean topo egiten duten pertsonen testigantzetatik ikastea. Topaketa horiek oso aberatsak dira bai gazteentzat, bai haien istorioak partekatzen dituztenentzat. Jarduerarik luzeena Bilbon egiten da ibilbidearen azken bi edo hiru egunetan, hiriko hainbat auzotako elkarteak bisitatuz, batez ere San Frantziskon eta Otxarkoagan.

Erantzukidetasunaren, elkartasunaren, ilusioaren, esfortzuaren eta bizikidetzaren balioak modu eredugarrian islatzen dituen ekimena delako eman diote saria proiektu honi. Epaimahaiak oso positibotzat jo du proiektua gazteen kolektiboari lotuta egotea, eragin handiko bizipen esperientzien bidez -halakoxea da «Ibilbide solidarioa»-haien garapen integrala eta autonomia pertsonala sustatzen dituena. 

Harrobia Ikastola-Ibar Ezkerra Ikastola Kooperatiba elkartearen 'Kirol inklusiboa: Jarduera fisikoa guztiontzat'

Harrobia ikastolako Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek eta APNABIko erabiltzaileek elkarrekin garatutako ekimena da. Helburua jarduera fisikoa eta inklusioa sustatzea da, dibertsitate funtzionala duten pertsonek kirol-jardueretan parte hartu ahal izatea bermatuz. Ikasleek jarduera fisiko inklusiboak diseinatzen dituzte, materiala prestatzen dute eta saioak dinamizatzen dituzte. Saio horiek Atxuriko kirol-kantxetan egiten dira, 15 egunean behin, hiru hilabeteko programa batean. APNABIren erabiltzaileek ingurune berrietan sozializatzeko eta osasuna hobetzeko aukera dute, eta ikasleek, berriz, bezeroari arreta emateko eta inklusioa kudeatzeko trebetasunak garatzen dituzte.

Ekimen horri saria eman zaio kolektibo zaurgarrienen premiak ikusarazteko eta hezkuntza-prozesuaren erdigunean jartzeko ahaleginagatik, ikasleek berek izan dezaten eginkizun aktibo eta erantzukidea jardueraren diseinuan, garapenean eta gauzatzean, hasierako faseetatik amaierara arte. Alde horretatik, proiektuak zubiak ezartzen ditu kolektibo, errealitate eta pertsona desberdinen artean, eta elkarrenganako topaketarako eta ikaskuntzarako guneak sortzen ditu.

Bizkaiko Psikologia Elkargoren 'Psikologia kalean'

Herritarren osasuna, ongizate psikologikoa eta bizi-kalitatea babesten laguntzea elkargo profesionalaren betebeharra da, erantzukidetasun sozialaren jardunean. Proiektuaren helburu nagusia osasun mentalaz eta ongizate psikologikoaz hitz egitea da, lanbideak eskaintzen duen zintzotasunetik eta zorroztasunetik, hurbiltzen direnei osasuna babesteko tresna erabilgarriak eskainiz. Osasun mentala eta ongizate emozionala ez dira norbanakoaren kontua bakarrik, erantzukizun partekatua ere bada. Modu kolektiboan lantzen direnean, gizarte-sarea indartzen dute eta bizikidetza solidarioagoa sustatzen dute, non pertsona guztiak elkarrekin hazi eta aurrera egin baitezakete.

Proiektuaren eragin positiboagatik eman zaio saria, bai xede den pertsona-kopuruari dagokionez, bai jorratzen duen gaiak gizartean duen garrantziari dagokionez. Bereziki, osasun mentala eta ongizate emozionala erdigunean jartzearen garrantzia nabarmentzen da, gero eta interes handiago sorrarazten baitu gizarte osoan eta, bereziki, gazteengan. Proiektuak, sentsibilizatzeaz gain, norbanakoaren eta taldearen ongizatea sustatzeko funtsezkoak diren laguntza, entzute eta hausnarketarako espazioak ere sortzen ditu.

Bilbao Balioen Hiria

Bilbao Balioen Hiria sariak Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Parte hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua. Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua hiria ezaguna eta aitortua izatea da, ez bakarrik ekonomia eta hiria biziberritzeko, berreskuratzeko eta eraldatzeko egindako prozesu garrantzitsuagatik, baita dituen balioengatik ere. Asmoa da erakundeen, mota guztietako entitateen, enpresen, komunikabideen, talde politikoen eta, oro har, herritarren artean azterketarako, elkarrizketarako, hausnarketarako eta lankidetzarako gune bat sortzea, hirian balio-esparru partekatu bat sustatu eta zabaltzeko.

Horren emaitza gisa, 2018ko martxoan Bilboko Balioen Agiria onartu zuen Udalbatzak, non datozen urteetan uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu baitziren.