Asteazken honetan goizean, ekainaren 4an, Adinekoentzako Osasun Programak ikasturte amaierako jaia ospatu du Areatzean. Urritik ekainera bitartean garatu den ekimen honetan parte hartu duten 200 lagun baino gehiago izan dira ekitaldian, Osasun eta Kontsumo saileko zinegotzi Álvaro Perezekin batera.

Jarduera garrantzitsuenak jarduera fisikoko hainbat gunetan egin dira. Horietan, koordinazio-ariketak, trebetasun eta gaitasunen zirkuituak, jokoak eta dantza koreografiatuak egin dituzte, udal saileko teknikariek eta begiraleek zuzenduta.

Programaren xedea da, batetik, 70 urtetik gorakoen bizi-kalitatea hobetzea, haien beharrizanetara egokitutako jarduera fisikoa sustatuta, eta, bestetik, beren hondatze funtzionalaren tasa txikitzea, gizarte-ingurunean integratzea eta komunitatean parte hartzea ahalbidetzen dien autonomia-maila mantenduta eta/edo sustatuta. 

30 urte baino gehiago dira adinekoentzako osasun-tailer handi hori egiten dela. Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko ordezkariak esan duenez, “ikastaroan zeharreko jarduera guztiak bizimodu aktiboa sustatzera eta ohitura osasuntsuak hartzera bideratuta daude. Horrez gain, sozializazioa bultzatzen da, adin-tarte bakoitzera egokitutako jarduera fisikoko klaseen bitartez; eta parte-hartzaileen arteko hartu-emanak sortzen dira“.

Guztira, 12 begirale profesionalek zuzendutako 101 taldek egiten dute jarduera fisikoa, hiriko 19 lokaletan —gehienak, udalarenak; eta, beti, izena eman duten pertsonen bizilekutik hurbil daudenak—, astean ordubetez edo bi orduz. Barrutietako udaltegiak, kiroldegiak eta beste leku batzuk izan dira elkartzeko guneak.

Guztira 1.562 pertsonak parte hartu dute jardueretan. Parte-hartzaileen batez besteko adina 80,32 urte izan da, eta emakume gehiago egon dira, gizonak baino.

Programaren jardueren artean, adin-tarte horretan interesgarrienak diren osasun-gaiei buruzko kanpainak ere egiten dira: ustekabeko erortzeak prebenitzea, elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldiak, osasun emozionala eta abar.

Horrez gain, sozializatzeko jarduerak dira programaren beste alderdi oso garrantzitsu bat; besteak beste, gaurkoan Bilboko Areatzan egindakoa, non adinekoen osasun psikosoziala sustatzen den, sozializazioari eta aisialdiari lotutako ekitaldien bitartez.