Urtero bezala, ehunka pertsona txandakatuko dira Arriaga Antzokian etenik gabe obra literario bat irakurtzeko. Ekitaldia datorren ostegunean izango da, ekainaren 5ean, goizeko 8:00etatik 14:00etara. Aurten aukeratutako lana emakume batek euzkaraz argitaratutako lehenbiziko liburua izan da, Bizenta Mogelen 1804ko Ipui onac.
Arriaga Antzokian bertan egin da gaur goizean aurkezpeneko prentsaurrekoa. Bertan parte hartu dute Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak; Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkariak; Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak; Álvaro Parro Laboral Kutxako ordezkariak; eta Nerea Ibarzabal bertsolari, idazle eta kazetariak.
1804an, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara. Artean ez zen ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, are gutxiago latina ikastea. Lan horrekin, Mogel, 22 urte zituela, euskarazko liburu bat argitaratu zuen estreinako emakumea bihurtu zen. Hori da Bilbo Zaharra euskaltegiak aurtengo irakurraldi jarraitua egiteko Ipui onac aukeratu izanaren arrazoietako bat baina, horrez gain, euskal literatura europar literatura klasikoarekin lotzen duen obra bat da eta alegien literatura-generokoa da.
Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia 1782 - Abando 1854) kultur ekintzaile aitzindaria izan zen. Azkoitian jaio bazen ere, Markinan hazi zen, aita hil zenean familia hara aldatu baitzen. Han bizi izan zen 1817ra arte. Ipui onac argitaratzeaz gain, bertso sorta batzuk idatzi zituen.
Osteguneko ekitaldian, Nerea Ibarzabalek (Zumarraga, 1994) hitza emango dio Bizenta Mogeli. Bizentak bezala, Ibarzabalek Markinan eman zuen gaztaroa. Bi aldiz irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista izan da. 2022an, Bar Gloria liburu arrakastatsua argitaratu zuen. Bera arduratuko da Ipui onac liburuaren lehen lerroak Arriagan irakurtzeaz, goizeko 08:00etan.
Ibarzabalen atzetik, 200 pertsona inguru txandakatuko dira goiz osoan Bilboko udal antzokiko foyer-ean kokatutako mikrofonoaren aurrean. Ohikoa denez, euskal gizartearen eremu guztietako ordezkariek parte hartuko dute: kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek, erakundeetako, elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariek, eta abar.
Zuzeneko irakurketa bideo-proiekzioekin txandakatuko da. Bideo horietan, Bilboko institutuetako ikasleak irakurtzen agertuko dira, baita diasporako kideak eta munduan zehar dauden 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere.
Horrez gain, beste 50 boluntariok parte hartu dute ekitaldiaren antolaketan.
Ekitaldia zuzenean ikusi ahalko da, Arriagako plazan jarritako pantaila erraldoi batean eta EITBren web-gunean. Bestalde, Abandoko eta Zazpikaleetako metro geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelak ikusi ahalko ditugu egunotan.
18 urte irakurtzen
Aurreko edizioetan, honako lan hauek irakurri ziren ekimen berean: Gero (Axular), Peru Abarca (Mogel), Haur besoetakoa (Mirande), Hamaika pauso (Saizarbitoria), Zergatik panpox (Arantxa Urretabizkaia), Obabakoak (Atxaga), Harri eta herri (Gabriel Aresti), Narrazio Guztiak (Sarrionandia), Metamorfosia (Kafka), %100 Basque (Itxaro Borda), Kresala (Txomin Agirre), Otto Pette (Anjel Lertxundi). Ipuin hautatuak (Mariasun Landa), Linguae Vasconum Primitiae (Beñat Etxepare), Martutene (Ramon Saizarbitoria), Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe) eta Bilbao-New York-Bilbao (K. Uribe).
Sortu zenetik, duela 50 urte baino gehiago, Bilbo Zaharra euskaltegia Bilboko bihotzean kokatutako euskaltegi bat baino zerbait gehiago da. Horren lekuko dira bere ekimenak, besteak beste, Gorozikako barnetegia, Barra-barra aldizkaria, itzulpen-zerbitzua, Berbaldun taldea... baita Bilbo Zaharra foruma ere: euskal kulturaren esparruan gertatzen den guztiaren erresonantzia-kaxa, euskal literaturaren inguruko topagune eta eztabaida-leku.
Hortxe kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren proiektu hau, bi helbururekin: alde batetik, herritarren artean euskal kultura sustatzea eta prestigioa ematea, eta, bestetik, ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea. Horregatik, irakurketa hau ikasturtearen amaieran egiten da, euskara ikasleen jaiaren testuinguruan.