Larunbat honetatik aurrera, martxan egongo da Bilboko kirol instalazioetan udako denboraldia. Ostiralean goizean, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotzi Itxaso Errotetak eta Bilbao Kirolakeko zuzendari nagusi Marcos Murok denboraldiarekin lotutako xehetasun guztiak azaldu dituzten.
Gaur bertan Artxanda, Errekalde eta Txurdinagako kanpoko igerilekuak irekita egongo dira. Bilboko Udalak 1.438.913,40 euro inbertitu ditu kiroldegietako kanpoko instalazioak berritzeko lanetan. Biharko, udaren ongietorri gisa, uretako puzgarrien doako saio bat antolatu du, 12:00etatik 15:00etara, Artxandako kiroldegian.
Maiatzaren 31tik irailaren 14ra, kanpoko igerilekuak egunero egongo dira zabalik, asteburuak eta jaiegunak barne, Aste Nagusiko egun nagusia den abuztuaren 22an (barikua) izan ezik –egun horretan, instalazio guztiak egongo dira itxita–. Kanpoko instalazioak 10:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan, eta 10:00etatik 20:00etara irailean. Uztailean eta abuztuan, gainera, zerbitzua handitu egingo da, Zorrotzako eta San Ignazioko igerileku estaliak aisialdiko igerileku bihurtuko baitira, kanpoko igerilekuen ordutegi berean, 10:00etatik 21:00etara, egunero.
Bilbao Kirolak-eko abonatuak doan sartu ahal izango dira kanpoko igerilekuetara eta aisialdiko igerilekuetara, eta abonatuak ez direnak Bilbao Kirolaken webgunean eta kiroldegietako salmenta-makinetan erosi ahalko dituzte sarrerak edo 5 edo 10 sarrerako bonuak. Bilbao Kirolak-ek gomendatzen du webguneko bulego birtuala erabiltzea sarrerak eta bonuak erosteko, arinagoa izan dadin instalazioetara sartzea eta ilararik eta atzerapenik sortu ez dadin.
Tenperatura eta jendetza handiko aldietan, ezarritako gehieneko edukierara iritsitakoan, Bilbao Kirolak-ek ez dio jende gehiagori sartzen utziko kanpoko igerilekuetara eta aisialdiko igerilekuetara, edukiera normalizatu arte.
Solarium berriak Azkuna Zentroan eta Miribillan
Bilbao Kirolak-ek solarium gehiago gaituko ditu kirol-instalazioetan. Hala, maiatzaren 5ean Errekalde, Artxanda, Txurdinaga, San Ignazio eta Zorrotzako kiroldegietan eguzkia hartzeko irekitako eremuak soropil osora zabalduko dira bihartik aurrera.
Gainera, Bilbao Kirolak-ek eguzkia hartzeko gunea estreinatuko du bihar Miribillako kiroldegian. Lehen aldiz, estalkia solarium gisa gaituko da, eta 100 pertsonentzako tokia izango du. Instalazioko igerilekutik sarbide zuzena izango du, eraiki berri den igogailu baten bidez. Bestalde, Azkuna Zentroko kiroldegian, eta ekainaren 2tik aurrera, solarium gisa gaituko da instalazioko terraza.
Uretako doako puzgarriak Artxandan
Udako denboraldia kirol-instalazioetara iritsi dela ospatzeko, Bilboko Udalak uretako puzgarrien doako saio bat antolatuko du bihar, Artxandako kanpoko igerilekuetan, 12:00etatik 15:00etara.
4 urtetik gorako edonork hartu ahal izango du parte jardueran. 12 urtetik beherako umeek heldu batekin joan beharko dute igerilekura, eta 8 urtetik beherakoek heldu batekin egon beharko dute uretan. 18 urtetik gorako heldu batek gehienez 5 adingaberen ardura eduki ahal izango du.
Udako kirol-ikastaroak
Bilbao Kirolak-ek 26 ikastaro programatu ditu uztailerako eta irailerako, San Ignazio, Txurdinaga eta La Casillako kiroldegietan. Guztira, 272 plaza egongo dira ikastarootan. Padel- eta tenis-ikastaroak eskainiko dira uztailean eta irailean San Ignazioko kiroldegian, eta spin bike, aerobik, pilates, stretching eta zumbing ikastaroak irailean La Casilla, San Ignazio eta Txurdinagako kiroldegietan.
Ikastaro horietan parte hartu nahi dutenek ekainaren 2tik (astelehena) aurrera izango dute izena emateko aukera. Izen-ematea Bilbao Kirolaken webguneko bulego birtualaren bidez edo kiroldegietako salmenta-makinetan egin behar da.
Kanpoko instalazioak hobetzeko lanak
Artxanda, Errekalde eta Txurdinagako udal-kiroldegien kanpoko instalazioek itxura berritua izango dute uda honetan, egindako hobekuntza-lanei esker. Lanak hiru kirol-instalazioen erreforma integraleko planen parte dira, eta 1.438.913,40 euroko (BEZa barne) udal-inbertsioa izan dute.
Txurdinaga
Harmaila bat jarri da desgaitasuna duten pertsonak kanpoko igerilekuko hondartzatik gertu egoteko, eta arrapala berriak eta hesi egokituak ipini dira harmailetara igo ahal izateko. Gainera, igerilekuko hondartzaren perimetroaren saneamendua aldatzeko lanak egin dira, euri-urak igerilekura sar ez daitezen, eta zeramikazko zoladura osoa aldatu eta igerilekuetarako berariazkoa den zoladura irristagaitz eta higieniko berria jarri da. Udalak 565.490,48 euro (BEZa barne) inbertitu ditu lan horietan.
Artxanda
Igerilekuko hondartza erabat berritu da, dutxak eta eskailerak barne, eta igerilekuaren ertza gresezko baldosa berri batekin estali da. Kolore mateak erabiltzea erabaki da, erabiltzaileak ez itsutzeko. Gainera, euri-uren bilketa perimetrala egiteko sistema bat jarri da, ur horiek igerilekura sar ez daitezen. Era berean, kanpoko komunak berritu dira, desgaitasuna duten pertsonentzako komun bat sortu da eta egoteko eremu irisgarri berriak ipini dira. Inbertsioa 632.456,60 eurokoa (BEZa barne) izan da.
Errekalde
Errekaldeko udal-kiroldegian, soropila ureztatzeko sistema egokitu da, ingurumen-baliabideak optimizatzeko. Horretarako, ureztatze-sistema automatiko bat instalatu da, soropila egoera onean dagoela eta ura aurrezten dela bermatzeko. Altzairu galbanizatuzko hiru metroko makil batzuk instalatu dira, eta makil horien puntetan aspertsoreak jarri dira. Horrela, zelai osoa ureztatuko da, goiko magalaren zati bat barne.
Halaber, magalean, igerilekuko hondartzatik gertu, beste bi makila jartzea proiektatu da, igerilekutik hurbil dagoen lursail naturala, zeina solarium gisa ere erabiltzen baita, behar bezala ureztatuta egon dadin. Ureztatzea automatizatuta eta kontrolatuta dago, elektrobalbulen bidez. Inbertsioa 34.479,97 eurokoa (BEZa barne) izan da.
Miribilla
Miribillako kiroldegian igogailu bat jarri da igerilekua eta kiroldegiko estalkia lotzeko. Izan ere, estalkia solarium gisa egokitu da, eta gehienez ere 100 lagunentzako edukiera izango du. Bestalde, igogailuak larrialdietako langileei eta instalazioko langileei kiroldegiko solairuetara heltzeko aukera emango die. Udalak 206.486,50 euro (BEZa barne) erabili ditu igogailua jartzeko.
Instalazioen mantentze-lanetarako itxiera-teknikoak
Ohikoa denez, udan instalazioetan erabiltzaile gutxiago dagoela aprobetxatzen du Bilbao Kirolak-ek nahitaezko mantentze-lanak egiteko. Lan horiek egiteak egun hauetan ixtea dakar:
Ekaina
- La Casillako pabiloiko instalazioak itxita egongo dira zapatuetan eta domeketan.
Uztaila
- Abusuko kiroldegia eta La Casillako pabiloia itxita egongo dira.
- Atxuri, Deustu, Miribilla eta San Mameseko kiroldegiak itxita egongo dira zapatu, domeka eta jaiegunetan.
- Artxanda, Errekalde eta Txurdinagako kiroldegietako igerileku estaliak itxita egongo dira.
Abuztua
- Atxuri, Miribilla, San Mames eta La Casillako kiroldegiak itxita egongo dira.
- Abusuko kiroldegia itxita egongo da zapatu, domeka eta jaiegunetan.
- Artxanda, Errekalde, Txurdinaga eta Azkuna Zentroko kiroldegietako igerileku estaliak itxita egongo dira.
Iraila
- Deustuko kiroldegia itxita egongo da.
- Zorrotzako eta San Ignazioko igerileku estaliak itxita egongo dira.
- La Casillako pabiloiko instalazioak itxita egongo dira zapatuetan eta domeketan.