Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, indarrean da jada konpainia-animalien ongizatea, babesa eta edukitza arduratsua arautzeko Ordenantza berria Bilbon. Horren inguruan, lagun egiteko animaliekiko errespetua eta tratu ona indartzeko, adopzioa sustatzeko eta abandonuari aurre egiteko kanpaina berri bat abiarazi du Osasun eta Kontsumo sailak.
Kanpainan liburuxka bat banatuko da, maskotak adoptatzea sustatzeko, "Bai nahi dut" izenburupean. Liburuxkan, lagun egiteko animaliak hartzen dituzten pertsonen betebehar eta erantzukizunei buruzko informazioa ematen da, berriki onartutako ordenantzaren arabera.
Kanpaina honen harira, Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak honako hau nabarmendu du: "txakurren edo katuen konpainia nahi duten pertsonek adopzioa aukera dezatela nahi dugu, maskota bat edukitzeak dakartzan betebehar eta erantzukizunen jakitun egonik".
Álvaro Pérezek goizean parte hartu du, Nora Abete alkateordearekin batera, Europa Parkean egin den liburuxka honen banaketa sinbolikoan. Bertan, biak elkartu dira txakurren jabeekin ordenantza berriari buruzko iritziak partekatzeko eta trukatzeko, informazioa eskuratzeko hurbildu direnekin.
Ordenantza berriak aurreikusten dituen erantzukizunak
Liburuxkaren edukian, konpainiako animaliak dauzkaten pertsonek nahitaez beren gain hartu behar dituzten erantzukizunak deskribatuko dira. Besteak beste, maskota mikrotxip bidez identifikatu eta erregistratzea, amorreriaren aurkako txertoa jartzea, laga edo transmititu aurretik txakurrak eta katuak esterilizatzea, hozka egin duen txakur bati albaitaritza-azterketa egitea hozkadaren ondorengo 24 orduetan, animaliaren gorpua enpresa espezializatu baten bidez deuseztatzea, erantzukizun zibileko aseguru bat izatea, edo animalia bakarrik ez uztea 24 orduz jarraian (12 orduz jarraian, txakurren kasuan).
Liburuxkak, halaber, animaliak haztea eta partikularren artean saltzea debekatzen du, baita sakrifizioa, tratu txarrak eta abandonua ere. Ezin izango da txakurrik, katurik edo hudorik eman edo laga jaio eta 2 hilabete igaro baino lehen.
Gainera, Ordenantzak zehazten duenez, txakurrek gehienez ere 2 metroko uhal batekin lotuta egon beharko dute. Aisialdi-eremuetan aske egon ahalko dira, betiere kontrolpean, pertsonei, animaliei edo inguruneari eragozpenik edo kalterik ez eragiteko. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak ezin izango dira aske egon muturrekorik gabe eta kontrolik gabe.
Gainera, txakurren gorotzak jasotzeko eta txiza urez garbitzeko betebeharra ezartzen da. Konpainia-animaliak ezin izango dira haurren jolasguneetara, parke bio-osasungarrietara eta kirol anitzeko pistetara sartu, edo edateko uraren iturrietatik zuzenean edan edo iturri apaingarrietan, urmaeletan eta antzekoetan bainatu.
Bestalde, konpainiako animaliak dauzkaten pertsonen administrazio-izaerako erantzukizunak azaltzen ditu kanpainak. Besteak beste, albaitariari jakinaraztea jabeari edo animaliari buruzko datuak aldatu direla, jabetza aldatu dela, edo animaliari baja eman zaiola, heriotzagatik edo EAEtik kanpo behin betiko lekualdatu delako. Era berean, jabeak animalia galdu izana salatu beharko du Udaltzaingoaren aurrean, 72 orduko epean gehienez. Animalia bat autoarekin harrapatzen badu edo maskotak beste animalia bati erasotzen badio, berehala jakinarazi beharko dio Udaltzaingoari.
Kanpainaren hedapena
Informazio-liburuxkak herriko hainbat tokitan banatuko dira, hala nola udaltegietan, sektoreko establezimenduetan (albaitaritza-klinikak, txakurren eta katuen ile-apaindegietan, denda espezializatuak...) eta animaliak babesteko elkarteen egoitzetan.
Informazio-kanpaina hau sare sozialetan ere zabalduko da, jarraipena emanez aurreko kanpainari, #adoptatulagunbat #adoptaunamigo traolarekin zabaldu zena.