Bilboko Udalak 1.242.906,72 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Bolueta auzoko San Joakim kaleko 19 eta 21 blokeen eta Miraflores etorbidearen 23 eta 79 blokeen artean igogailu publiko berri bat eraikitzeko. Lanak aste honetan hasi dira, eta zortzi hilabeteko egikaritze-epea izango dute.

Irisgarritasun unibertsalarekiko konpromisoan murgilduta, Udalak arkitektura-oztopo bat gainditzeko eta elementu mekaniko baten bidez auzo barruko konexioa hobetuko duen ibilbide irisgarri bat sortzeko egingo du obra hori. Interes orokorreko jarduketa bat da, eta hurbilen dituen atarietako bizilagunei ez ezik, gainerako auzokideei ere mesede egiten die. Kontuan izan behar da, gainera, inguruan hainbat ekipamendu daudela, hala nola Karmelo ikastola, eta etorkizunean beste berri batzuk egongo direla, esaterako, Osakidetzako osasun-zentro berria.

Igogailu berriak 12,94 metroko desnibela libratuko du; geldialdi bi izango ditu, eta metalezko egitura duen nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako edukiera izango du, eta bideoz zainduta egongo da, eguneko 24 orduetan.

Igogailuaren goiko irteeran 25,74 metro luze eta 2,40 metro zabal izango den metalezko pasabidea jarriko da.

Eskaileren zati bat eraitsi egingo da igogailua jartzeko, eta proiektuaren esparruan jarriko dira berriro. Proiektuaren arabera, gainera, eraginpeko eremua berrurbanizatuko da, eta hiri-altzari berriak jarriko dira.

Mugikortasun bertikala

Bilbon, 77 elementu mekaniko daude zerbitzuan, igogailuak, arrapalak eta eskailerak kontuan hartzen baditugu.

Kopuru handi samarra da, eta laster beste hamar igogailu gehitu beharko zaizkio.

Gaur egun gauzatzen ari diren bost horiek (San Joakim kalekoa eta beste lau):

  • Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua, 4.492.331,68 euro;
  • igogailu bat, Urretxindorra ikastolaren ondoan, Miribilla eta San Adrian artean, 1.080.237,79 euro;
  • igogailu bat, Harrobi plazaren eta Kontzezio kalearen artean, San Frantzisko auzoan, 3.089.962,83 euro.
  • eta azkena Fika eta Iturribide kaleen artean (Santutxu); 972.477,23 euro.

Horrez gain, bada beste proiektu bat esleituta, eta laster hasiko dira obrak: Lezeagako igogailua, Masustegiko beheko aldean (628.743,65 euro).

Eta beste lau, lizitazio-fasean:

  • hiru Zurbaranbarri auzoan, 2.543.462,19 euro (BEZa barne).
  • eta beste bat Bolueta eta Txurdinaga artean, 1.359.889,77 euro (BEZa barne).

Udala, guztira, 15 milioi eurotik gora inbertsioa bideratzen ari da irisgarritasun unibertsala lortzeko, martxan dauden proiektu guztiak kontuan hartuta.

Auzokide Plana

San Joakim kaleko igogailua egiteko lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planean sartzen dira, eta, beraz, 4. barrutiko (Begoña) bizilagunek lehenetsi dituzte.