Emakumeen Plaza gaur, apirilaren 23an, mundu osoan ospatzen den Liburuaren Egunaren ospakizunen erdigunea izango da Bilbon, bertan egongo baitira liburuak saltzeko etxolak. Itziar Urtasun zinegotziak egun berezi hau ospatzeko antolatutako jarduerak aurkeztu ditu gaur goizean.
Halaber, Asier Muniategi Euskadiko Liburu Ganberako azoketako arduradunak, Javier Camara Bizkaiko Liburu Denden Elkarteko presidenteak, Garazi Albizua eta Itxaso Martin Zapirain idazle gazteek eta erakundeetako eta Bilboko gizarteko beste ordezkari batzuek hartu dute parte.
Itziar Urtasunek bere hitzaldian gogorarazi duenez, "liburuek gure bizitzak eraldatzeko, gure pentsamendua aberasteko eta inguratzen gaituen mundua hobeto ulertzeko ahalmena dute". Horregatik, ezinbestekoa da liburuaren balio iraunkorra berrestea, "digitalizaziorantz azkar doan mundu batean, non informazioa formatu eta plataforma ugaritan dabilen". Zinegotziaren hitzetan, "liburu bat ez da orrialde multzo bat bakarrik: hausnarketarako gune bat da, babesleku intimo bat, ezagutzarako tresna bat eta askatasun hazi bat".
Itziar Urtasunek ez du bere hitzaldia amaitu nahi izan "idazten, argitaratzen, banatzen eta irakurketa sustatzen duten" pertsonei omenaldi zintzoa egin gabe. Literatur sorkuntzatik, irakaskuntzatik edo liburutegietatik, irakurketaren ezagutza eta plazer sakonerako bideak irekitzen dizkigute".
Inaugurazio ekitaldiari amaiera emateko, liburuak saltzeko etxolak bisitatu dira, bertaratzen direnek azken nobedadeak eta liburu klasikoak eros ditzaten.
Duela 26 urtetik, UNESCOk eskatuta, Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatu ohi da, 1616an literatura unibertsaleko hiru egile klasiko hil zirela gogoratzearekin batera: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vega.
Bilboko Udalak eutsi egiten die literatura-sorkuntzari eta liburu-dendei ematen dien laguntzari, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren ildo estrategikoetako batean jasota baitago, besteak beste, honako jarduera hauen bidez: Bilboko Udal Liburutegien Sarea, aldizka antolatzen dituen literatura-lehiaketak, lehiaketa horiek irabazten dituzten lanen argitalpenak, programazio egonkor zabala, literatura-jaialdiekin batera, eta Bilbao Editaren bidezko ediziorako laguntza, tokiko argitalpen-ekoizpena sustatzeko ekimena.