Gaur egungo eszena musikaleko talde berritzaileenetako bat den Kebyart Saxophone Quartet-rekin batera arituko da igande honetan, martxoaren 30ean, Bilboko Udal Musika Banda. 'Musika eta humanismoa' izeneko kontzertua Euskalduna Jauregiko Auditoriumean egingo da, 12:00etatik aurrera, eta bertan arteak gizateriaren bilakaeran duen papera hausnartzera gonbidatuko da. José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean, taldeak omenaldia egingo die musika humanistaren ikuspegi sakona islatu duten bi konposatzaileri: David Maslanka eta Jean Absil.
Kebyart Saxophone Quartet taldea osatzen duten lau musikari talentudun hauek ganbera-musikarekiko pasio amaigabea partekatzen dute, baita musika klasikoa transmititzeko moduari freskotasuna emateko nahia ere. Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroko ikasleen parte-hartzea ere izango da.
Egitarauan Maslankaren Concerto for Saxophone Quartet obra izango da, Bach-en musikatik inspiratutako pieza bat, barrokoa eta egungo hizkuntza musikalak uztartzen dituena. Horrez gain, Traveler interpretatuko da, bizipozari eta bilakaera pertsonalari eskainitako obra, eta baita Rites, Jean Absilek kultur tradizio zaharren espiritualtasuna eta sinbolismoa erritmo bizi eta koloretsuen bidez irudikatzen duen partitura.
Apirilaren 4an, ostirala, Banda Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatoriora itzuliko da "Udaberriaren omenez” lanarekin. Alfred Reed, Aaron Copland, Óscar Navarro eta David Maslankaren lanak zuzenduko ditu Iker Sánchez euskal zuzendari gazteak. Gaur egun, Iker Sánchez BilbaoSinfoniettako zuzendari artistikoa da, musika eremu benetan moldakorrak jorratzeko gai den taldea.