Datorren larunbatean, martxoaren 15ean, San Mamesetik abiatuko den V. Bizkaia Greenpower Eco Stem Zirkuituan 500 ikasle inguruk hartuko dute parte, estatuko eta nazioarteko hainbat lekutatik etorritakoak.

Alfonso Líbano Firestone Fundazioak sustatzen du ekitaldi hori, ziur baikaude hezkuntza, eta zehazki STEM hezkuntza, funtsezko zutabea dela Euskadi eta haren ekosistema berrindustrializatzeko, eta hori da, hain zuzen ere, Fundazioaren helburu garrantzitsuena. Gainera, jakitun gara berrindustrializazioa eraginkorragoa izango dela sektore publikoa eta pribatua lankidetzan arituz gero. Hain zuzen ere, ekimen honetan badago lankidetza, gure gazteak zientzia lanbide zientifikoetara eta teknikoetara bideratzeko aukera ematen duena, etorkizun bikaina baitago horietan. Beraz, zirkuitu hau ekintza garrantzitsua da STEM eremuan bokazioak ikusarazteko, sustatzeko eta erakartzeko. Kalkulatzen da, bi hamarkadatan, lanbideen % 80k beharko dituztela horrelako trebetasunak sektore ekonomiko guztietan, diote Fundazioaren Patronatutik.

Prototipo elektrikoak eta ingurumenarekiko arduratsuak

Ekimen horrek zenbait auto-proba bultzatzen ditu, non parte-hartzaileek, 9 eta 25 urte bitarteko neska-mutilek eta gazteek, negozio- eta marketin-plan bat asmatu eta garatu behar duten beren ibilgailu elektrikoa sortzeko. Ibilgailu horrekin parte hartuko dute proban. Proiektu horrek aukera ematen die, ibilgailuen diseinuarekin eta eraikuntzarekin esperimentatzeaz gain, txikitatik enpresa-mundua aztertzeko, ekintzailetza bultzatzeko eta mugikortasun guztiz jasangarriko etorkizunerako prestatzeko.

Lehiakideek eraikitzen dituzten autoek STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) gaitasunak garatzeko aukera ematen dute. Oinarri metodologiko horrekin, antzeko kategorietako taldeek euren emaitzak konparatzen dituzte eta elkarren artean lehiatzen dira, betiere prototipo elektriko eta ingurumenaren aldetik jasangarriekin.

Energia-eraginkortasuna jasangarritasunaren ardatz

Lasterketetan aurrez zehaztutako ibilbide bati ahalik eta bira gehien egin behar dizkiete ibilgailuek. Ibilgailuen motor elektrikoa eta bateriak berdinak izango dira guztientzat baina parte-hartzaileek autoaren karrozeria eta haren alderdi mekanikoak eta elektrikoak diseinatu behar dituzte, errendimendua hobetze aldera. Lasterketetan, bateria agortu gabe kilometro gehien egitea lortzen duena da irabazlea; beraz, ez du azkarrenak irabazten, modu eraginkor, energetiko eta jasangarrian gidatzen duenak baizik.

Programa hedatzen, integratzen eta etengabe hobetzen ari da

Edizio honetan hiru lehiaketa izango ditu Bizkaian, eta bat Araban. Workshopak egingo dira, proiektua erakusteko eta aurkezteko, Deustuko Unibertsitatean eta Bizkaiko beste herri batzuetan. Horietan, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleek egindako proiektuen finantzazio-, marketin- eta kudeaketa-planik onenei aitorpena egingo zaie, eta, ondoren, programan parte hartzen duten taldeetako batzuekin erakusketa bat egingo da.

STEM jaialdia, Bilbon

Bilbok benetako “STEM jaialdia” hartuko du datorren zapatuan, martxoaren 15ean, San Mameseko zabalgunean. Bertan, lehen aldiz, hezkuntza-programa honetako kategoria guztiak bilduko dira. 8 eta 11 urte bitarteko ikasleek Gobblins modalitatean hartuko dute parte eta 11 eta 25 urte bitartekoek f24 eta f24+ kategorietan.

500 ikaslek eta hogeita hamar ibilgailu inguruk mugikortasun elektrikoari eta hezkuntza goiztiarrari buruzko nazio-, estatu- eta nazioarte-mailako erakusleiho handi bihurtuko dute Bilbo STEM arloan. Bestalde, Zornotzak bat egingo du martxoaren 23an Gobblins lasterketarekin. Zirkuitu horretan, 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek parte hartzen dute. Barakaldok ere parte hartuko du, ekainaren 8an Herriko Plazan egingo den lasterketan.

“Gaitasun handiak" detektatzea eta garatzea

Beste berrikuntzetako bat da Deustuko Unibertsitatea hezkuntza programa honetan sartu dela. Hezkuntza Fakultatearen bidez eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, ikasleen "gaitasun handiak" hautemateko programa bat garatuta dauka. Esparru akademiko horretatik, bi prototipo garatu nahi dituzte: batetik, lanerako eta bileretarako hainbat gune laga, eta bestetik, ikasleei STEM talentua sustatzen lagunduko dieten aholkulariak jarri proiektuaren eskura.

Hala, aurten, lasterketak egiteaz gain, proiektuen kudeaketari buruzko workshopak eta aurkezpenak egingo dira, Deustuko Unibertsitatean eta Bizkaiko hainbat herritan. Horietan nahitaez parte hartu behar dute ikasleek lasterketetan parte hartu aurretik.

Erresuma Batua, GreenPower proiektuaren sorlekua

Greenpower Educación Trust Erresuma Batuan sortu zen 90eko hamarkadaren amaieran, 9 urtetik gorako neska-mutilek gaitasun teknikoak, lidergokoak eta talde-lanekoak ikasi eta praktikan jar zitzaten, ibilgailu elektriko bat diseinatzeko eta beren kabuz eraikitzeko erronkarekin, ibilgailu horrekin lasterketa bat irabazteko. Gainera, ikasleek beren proiektua gauzatzeko behar dituzten babesak eta baliabideak bilatu behar dituzte, eta, beraz, komunikazio- eta salmenta-gaitasunak ere landu behar dituzte, eta negozio-plan bat egin behar dute, babesleei ingelesez prestatu eta azaldu behar dietena.

1999an lehen lehiaketak antolatu zituzten euren taldeekin, Goodwooden eta Silverstonen, eta, harrezkero, mundu osoko taldeak batu dira, baita ekitaldiak ere hainbat herrialdetan, hala nola Estatu Batuetan, Txinan, Indian, Singapurren, Portugalen, Malaysian eta PolonianAurten, proiektuak hogeita bosgarren edizioa beteko du, eta urtero 85 lasterketa inguru egiten dira herrialde horietan. Motordun kirolek gazteen artean sortzen duten grina STEM gaitasunak garatzeko inspirazio bihurtzeko asmoarekin sortu zen proiektua.

Gaur egun, Lehen Hezkuntzan hasi Unibertsitatera bitarteko 12.500 ikaslek baino gehiagok hartzen dute parte haien jardueretan. Adinaren arabera hiru lehiaketa kategoria bereizten dira: Gobblin Formula (9-11 urte), 24 Formula (11-16 urte) eta 24+ Formula (16-25 urte). Gainera, Greenpower Iberia nazioarteko sare baten parte da (besteak beste, Estatu batuetan, Indian, Malaysian, Polonian, Brasilen eta Singapurren egiten da), 2.600 talde baino gehiago eta eskualdeko, estatuko eta nazioarteko 200 lasterketa dituena.