Bilboko Udal Etxebizitzak izango da Eurhonet etxebizitza publiko eta soziala hornitzen duten Europako entitateen sarearen Administrazio Kontseiluak asteazken honetan, otsailaren 26an, onartuko dituen bi kide berrietako bat. Bestea Batigere entitate pribatu frantsesa izango da, Frantzian etxebizitza jasangarri, solidario eta inklusiboa sustatzen dituena.

Sareak 36 kide dauzka gaur egun, Europako sei herrialdetakoak (Alemania, Austria, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Suedia).

Bilboko Udal Etxebizitzak izango da sare horren parte den Espainiako etxebizitza publikoen lehenengo entitate kudeatzailea. Zentzu horretan, Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzak-eko presidenteak azpimarratu duenez, "Europako sare horretan parte hartzea garrantzitsua da gure kudeaketa optimizatzea ahalbidetuko diguten esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, gero eta soluzio gehiago eta hobeak eman ahal izateko baliabide gutxiago dituzten pertsonei, etxebizitza duin eta eskuragarria izan dezaten".

Sarean sartzeko, Yolanda Díezek Bilboko Udal Etxebizitzak sozietateak etxebizitza publikoarekin duen konpromisoa nabarmendu du, eta Bilbon horretarako egiten ari diren jarduera nagusiak zehaztu ditu. Era berean, Bilboko Udal Etxebizitzak-en eguneroko lana arautzen duten printzipioak azpimarratu ditu, bai eta Bilboko Udalak Eurhoneten sartzean dituen espektatibak ere. Ildo horretan, adierazi du "sarearen dimentsio europarra, tokiko izaera petoa eta espezializazio maila motibazio garrantzitsua direla sarearekin bat egiteko".

Eurhoneteko 36 kideek etxebizitza publiko eta soziala kudeatzen dute, arrazoizko prezioan, guztira 1,8 milioi maizter hartuz. Sarearen helburua sarea osatzen duten erakundeen jardun profesionala hobetzea eta jardunbide onenak partekatzea da, gaitasun berriak garatuz, etxebizitza publiko eta sozialaren kudeaketan bikaintasuna lortzeko ikuspegi komunarekin.