Bilboko Udalak martxan jarriko du María Díaz Haroko kalea eraldatzeko obren bigarren fasean. Oraingo honetan, Casilda Iturrizar parkea eta Ametzola parkea lotuko ditu, korridore berde bihurtuz. Jarduketa-eremua, guztira, ia kilometro bateko luzerakoa da, eta fatxadatik fatxadara 25 metroko sekzioa du.

Lehen fasean, 2021eko azarotik 2023ko ekainera bitartean, azken tarteari heldu zitzaion – Simon Bolivar eta Autonomia arteko tarteari –; orain, berriz, hasierako tarteari dagokio txanda, hau da, Kale Nagusiaren eta Simón Bolivar kalearen arteko lau etxadiei.  Hau da, 13.780 metro koadroko azalera. Eremu horretan, gaur egun, 3.600 metro koadro daude oinezkoentzako, baina, lanak amaitu ondoren, 6.200 metro koadro lortuko dira.

Helburua argia da, Juan Mari Aburto alkateak gaur goizean azpimarratu duen bezala: orain arte egindakoaren ildotik, jarraipena emango diogu korridore berdeari, eta proiektua amaituko dugu, espaloi zabalagoak eta egoteko gune gehiago sortuz, eta ingurunean zuhaitz eta landare gehiago jarriz.Obraren fase horrek – zehaztu du – 6.327.253 euroko aurrekontua du eta lanak gauzatzeko epea, hamalau hilabetekoa.

Bestalde, Kepa Odriozolak, Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako Saileko zinegotziak, adierazi du lan hauek lau zatitan banatuko direla, etxadi bakoitzeko bat: 

  • Lehen zatia, Kale Nagusiaren eta Rodríguez Arias kalearen artekoa.
  • Bigarren zatia, Rodríguez Arias eta Poza Lizentziatuen kaleen artekoa.
  • Hirugarren zatia, Poza Lizentziatuaren eta Urkixo zumarkalearen artekoa.
  • Laugarren tartea, Urkixo zumarkalearen eta Simón Bolivar kalearen artekoa.

Aurreikuspenen arabera –adierazi du Odriozolak–, proiektua hurrengo Gobernu Batzar batean onartuko da, eta, ondoren, obrak lizitaziora aterako dira

Lehenengo fasearekin koherentzia izanda, lehentasuna emango zaio oinezkoari, eta beheko solairuetako lokaletarako sarbideari, eta, beraz, oinezkoen erabilerak izango du lehentasuna, ahaztu barik ibilgailuen erabilera, nahiz igaro beharra dutenena, nahiz auzora sartu behar dutenena.  

Lau zati

Lehenengo zatian -Kale Nagusiaren eta Rodríguez Arias kalearen artean- beste sekzio bat proposatzen da, Casilda Iturrizar parkeari jarraipena emateko eta korridore berdearen kontzeptua sendotzeko. Horrela, etxadi horretan, erdibitzaile berde bat edo jardinera bat jartzea pentsatu da, zuhaitzekin eta zuhaixka-landare mota askorekin. 

Erdiko jardinerak diseinu berritzailea eta modernoa izango ditu, eta ez da oharkabean igaroko ez oinezkoentzat ez gidarientzat. Loreontzi batzuek landaretza berria bilduko dute parterre batean. Parterre hori kolore apalekin -gresezko plaketaz, tonu berdeetan- apaindutako hormatxo batek mugatuko du. Gauez, abangoardiako diseinu horrek protagonismo handiagoa hartuko du, argi-joko bat izango baitu, eguzkia ezkutatzean formak eta zuhaitzak are gehiago areagotuko dituena.

Kalearen sekzioari dagokionez, espaloiak zenbaki sei metro baino gehiago izan arte zabalduko dira bikoitien aldean eta lau metro baino gehiago izan arte zenbaki bakoitien aldean.

Kale Nagusiko oinezkoen pasabidea zabaldu eta Ramón Basterra plazaren aldeko espaloia aurreratu egingo da, igarotzea errazagoa izan dadin eta Casilda Iturrizar parkearen eta María Díaz de Haro kalearen artean oinezkoentzako lotura handiagoa sortzeko.  Oinezkoentzako pasabide berria, gainera, goratua izango da, arrazoi berberagatik.

Gainerako zatietan, kalearen sekzioa berrantolatu egingo da: galtzada-eremuan bi errei baino ez dira izango, alde bietako espaloiak zabaldu egingo dira sei metro baino gehiago izan arte eta zabaltzean geratutako espazioetan egoteko guneak sortuko dira, tarteka.

Bidegorria ere proiektatu da, Anselmo Clavé kalean dagoenari jarraipena emango diona, eta Ramon Basterra plazaren bidez eta obraren eremuan bertan lotuko dena lehen fasean egikaritutakoaren loturarekin, Simon Bolivarren parean.

Bestalde, espaloietako txorkoen lerroan, egindako obraren eskemari jarraituz, egiturazko lurzorua ipiniko da, bereziki tratatutako legarrez osatua, zuhaitzen sustraiak hazten laguntzeko eta sustraiak azalera atera ez daitezen.

Argiei dagokienez, 6 metroko makuluak erabiliko dira, beso bikoitzekoak, eta luminariak, 4,5 metrora jarriko dira espaloietarantz daudenak eta 6 metrora biderantz daudenak. Luminariak abangoardistak eta funtzionalak izango dira, obraren lehen fasean aukeratutakoak bezalakoak. Lehen zatiko erdiko jardineran ere apaindura-argiak jarriko dira, foku txertatuak eta LEDak erabiliz.

Udal zerbitzuen gainerako sareak ere berrituko dira. Garrantzitsua izango da saneamendua berritzeko inbertsioa, aurrekontuko ia milioi bat euro bideratuko baitira horretara.

Paisajismoa eta zuhaitzak

Lore eta landareei dagokienez, espaloietarako eta egonlekuetarako lehen faseko eskemari jarraitzen zaio, baina proposamen berritzaile, desberdin eta koloretsu bat planteatzen da lehen zatiko erdirako. Guztira, 39 zuhaitz-unitate irabaziko dira kalearen egungo egoerarekin alderatuta.

Lehen zati horretan, Kale Nagusiaren eta Rodríguez Arias kalearen artean, zuhaitzak ipiniko dira, Kale Nagusitik bertatik ikusi ahal izango direnak. Zuhaitzen aukeraketarekin kolore- eta forma-joko bat ahalbidetuko da, paisaia kromatiko aldakorra sortuz, eta zuhaixkak eta landareak ipintzeko diseinu berritzailea aukeratu da.

Zehazki, Freeman astigarra eta zilarrezko ezkia aukeratu dira erdiko jardinerako. Espaloietan, berriz, bi astigar mota konbinatuko dira: Freeman astigarra eta Red Shine.