Urtero bezala, Olentzero eta Mari Domingi Bilbon ikusteko aukera eskainiko du Udalak aurten ere bai. Datorren astearten izango da, abenduaren 24an, goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean. Ekitaldia Arriaga Antzokian egingo da, urteko gaurik magikoena baino ordu batzuk lehenago, eta bertan umeek euren gutunak aurrez aurre eman ahal izango dizkiete, eta baita euren nahiak azaldu ere. Beti lez, bai Olentzero eta bai Mari Domingi prest egongo dira haur guztien eskariak jasotzeko.

Sarreren erreserba, ostiralean

Sarreran ordena bermatzeko eta itxaronaldiak ahalik eta gehien murrizteko, urtero bezala, txanda-sistema bat erabiliko da, doako sarreren bidez (1.500). ONLINE eskuratu ahal izango dira, Bilbao Kultura web-orrian, esteka honetan.

Sarrerak datorren ostiralean, abenduaren 20an, egongo dira eskuragarri, 10:00etatik aurrera. Erreserba bakoitzeko, NAN batekin, gehienez 3 adingaberentzako sarrera jaso ahalko dira. Adingabeak helduren batekin joan behar dira beti (helduek ez dute gonbidapenik beharko).

Aurreko urteetan bezala, harreran irisgarritasun-neurriak jarriko dira, desgaitasuna duten pertsona guztiek topaketa horretaz gozatzeko aukera izan dezaten. Horrela, zeinu-interpreteen zerbitzu bat egongo da, eta baita mugikortasun murriztua duten pertsonei laguntzeko zerbitzua ere. Era berean, autismoaren espektroko nahastea (AEN) duten pertsonek jarduera jendetsu horietan parte har dezaten errazteko, Bilboko Udalak Arriaga Antzokian egingo den harrerara zuzenean sartzeko aukera eskainiko du.