Nobedade ugari ekarriko ditu hastear dagoen 2025ak Bilbaobizi zerbitzuak. Esaterako, dena ondo badoa, apirilean hasiko da funtzionatzen bizikleta elektrikoak mailegatzeko zerbitzu berritua, abonu sistema berriarekin datorrena.

Eredu berrirako trantsizioa errazte aldera, urtarrilaren 1etik aurrera ez da zerbitzuan alta gehiagorik egingo, baina daudenak berritu ahal izango dira. Bestalde, egungo zerbitzua amaitzean, erabiltzaileek kontratatu eta baliatu ez duten abonu-aldiari dagokion dirua ordainduko da.

Erabilera-prezioen eskema berriaren helburua da bizikleta ohiko garraiobide gisa fidelizatzea eta sustatzea, eta, aldi berean, sistemaren iraunkortasuna bermatzea; izan ere, erabilera-maiztasun handia dela eta (bizikleta bakoitza egunean hamasei aldiz erabiltzen da gehienez), bizikletak erabiltzeko zailtasunak egoten dira.

Joan den azaroan Udalbatzak onartutako eredu berriaren bidez arautuko dira prezio berriak, baita Bilbaobizi zerbitzu berria erabiltzeko baldintzak zehazten dituen araudiaren bidez ere.

Zerbitzu berriari esker, erabiltzaileek egungo bizikleten bikoitza izango dute eskura. Bizikleta berriak izango dira, eta ibilgailua praktika bandalikoetatik babesteko sistema berezi bat izango duen ainguraketa izango dute. Ainguraketa-puntuen kopurua ere handituko da, uriaren goiko eremuetan dagoen eskaera handiari erantzuteko. Gainera, berrikuntza gisa, geltoki birtualak egongo dira, ekitaldien edo obren ondorioz zerbitzuaren eskuragarritasun-premia puntualei erantzuteko.

Eredu berriak tarifa desberdinak ezarriko ditu ohiko erabiltzaileen eta noizbehinkakoen artean, eta, horri esker, zerbitzuaren modulazioa egin ahalko da erabilera-denboraren arabera. Lehenengo kasuan, kuota 25 eurokoa izango da urtean, eta bigarren kasuan, noizean behinkakoan, 10 eurokoa.

Ohiko abonua kontratatzean, erabilera bakoitzeko kuota gehigarria, erabilgarritasun-denboraren arabera, noizbehinkako abonuarena baino onuragarriagoa izango da. Horrela, bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatu nahi da.

Zerbitzuaren beste berrikuntzetako bat ordaintzeko modua izango da. Aurreordainketako, kredituko edo zordunketako txartelaren bidez baino ezingo da ordaindu, transakzioari ahalik eta segurtasun-berme handiena emateko.

Martxotik aurrera, erabiltzaileek arretarako bulego bat eta aplikazio bat izango dituzte eskura, urteko abonuak kontratatzeko eta zerbitzu berriaren funtzionamenduari buruzko informazio espezifikoa jasotzeko.