Bilboko alkate Juan Mari Aburtok tokiko kultura eta kontsumoa, hurbileko tratua eta sormena goraipatu ditu ostiral honetan, abenduak 13, bere ateak ireki dituen Gabonart artisautza-azokaren 12. edizioaren inaugurazioan. Ekimen hau #BilbaoGabonak programaren barruan antolatuta dago, eta urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik.

Ordutegiei dagokienez, bilbotarrak eta bisitariak azokara joan ahal izango dira 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era. Abenduaren 24an eta 31n bakarrik goizez egongo da irekita eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

Gaur goizeko inaugurazio-ekitaldian Bilboko Alkateak, Arbasoko eta Udaleko ordezkariekin batera, moztu du inaugurazio-zinta. Juan Mari Aburtok azpimarratu duenez, “azoka hau aukera paregabea da Gabonetan artisautzaren eta gure kulturaren eta balioen aldeko apustua egiteko. Azoka erreferentea da eta Bilbon pozarren hartzen dugu. Horren bidez, tokiko kontsumoa, hurbileko eta zuzeneko tratua eta gure artisauen lan patxadatsua nabarmendu nahi ditugu. Aurten aniztasun eta berritasun asko ditugu, eta guztiek ere balioa ematen diote artisautzak Bilboren garapen ekonomikoari egin diezaiokeen ekarpen handiari”, bukatu du Aburtok.

Aurten 22 marka berri egongo dira, hau da, iazko edizioarekin alderatuta berrikuntza %40 baino gehiagokoa izango da, eta postuetan, besteak beste, ehungintza, zeramika, bisuteria, larrua, lore lehorrak, bitxigintza, zura, kosmetika, feltroa, ilustrazioa, jostailugintza, beira, makramea, zeta pintatua eta abar egongo dira.

54 artisauetatik 32k Bizkaian dituzte tailerrak, eta horietatik 14 Bilbon daude. Gainera, A Coruñako, Asturiasko, Ávilako, Burgosko, Kantabriako, Castellóko, Lugoko, Murtziako, Pontevedrako, Zaragozako eta beste hainbat lekutako artisauak ere etorriko dira.

Erreferentziazko ekitaldi honek hamabi edizio egin ditu Gabonart izenarekin eta lau hamarkada baino gehiago artisautza-azoka gisa. Hala, Bilboko Areatza “Gabonetako artisautzaren erdigune” bihurtzen du eta artisau arrakastatsuak tailerretatik ateratzen ditu Gabonetan. Gabonart-ek balioa ematen die eskuz egindako lana, zuzeneko tratua, ekonomia zirkularra eta zero kilometroko produktuak sustatzen dituzten artisauei, originala eta ezberdina dena pieza bakarrean integratuz tokiko ikuspegi berritzailetik.