Datorren ostegunean, abenduaren 12an, hasi eta urtarrilaren 7ra arte iraungo du Zubietxe elkarteak Erribera Merkatuan bigarren urtez jarraian egingo duen liburu-bilketa solidarioa. Aurten Bilbao Zerbitzuak erakundeak berriro batuko da Libu-liburu-denda izeneko proiektura.
Hala, nahi dutenek dagoeneko behar ez dituzten liburuak eraman ditzakete Erribera Merkatuko zenbait lekutan jarriko diren edukiontzietara, bigarren bizitza bat izan dezaten.
Liburuak biltzeaz gain, abenduaren 10ean ospatzen den Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, abenduaren 12an bertan, eguerdiko 12:00etan, Zubietxe elkartetik giza-kate bat egingo da merkatutik liburu-dendara, liburuak lokarri gisa baliatuta. Ekintza horren helburua da gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonak ikusaraztea eta benetako ikasketa-, lan- eta integrazio-guneen aldeko apustua egitea.
Hitzorduan hirugarren sektoreko hainbat elkartek, inguruko ikastetxeek eta Ibaiondo barrutiko herritarrek hartuko dute parte, baita Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkari Álvaro Pérez Alonsok ere. Azken horrek gogorarazi duenez, “aurtengoa ekimen hau babestuko dugun bigarren urtea izango da, eta espero dugu kultura eta irakurketa lotura gisa darabiltzan sentsibilizazio- eta jasangarritasun-proiektu solidario honen erakusleiho eta sostengu izango dela”.
2015. urteaz geroztik
Libu liburu-denda 2015ean sortu zen, Zubietxe elkartearen eskutik. Elkarteak hiru hamarkada baino gehiago daramatza gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak zaintzen. Kultura herritarren eskura jartzea du helburu; horregatik, partikularren eta erakundeen dohaintzez hornitzen da, eta liburuak hiru euroko arrazoizko prezioan saltzen ditu.
Urte hauetan zehar, idazketa- eta irakurketa-tailerrak, liburuen aurkezpenak, ipuin-kontalariak, kontzertuak, haurrentzako eta helduentzako tailerrak eta zenbait hitzaldi egin dira, gizarte-sektore askoren parte-hartzearekin.