Astelehen honetan goizean, abenduaren 9an, Henako kaleko 52 zenbakian kokatuta dagoen Abandoko adinekoen zentro berria inauguratu egin dute, Udalak lokala egokitu ondoren. Abandoko Erretiratu eta Pentsiodunen Zentroaren elkarteak dinamizatu dezan. Elkartea 1989an sortu zen eta gaur egun 900 kide inguru ditu.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok inauguratu du lokala, eta berarekin egon dira Reyes Navarro elkarteko presidentea, Zuzendaritza Batzarreko gainerako ordezkariak, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzia (6. barruti honetako presidentea ere bada) eta ospakizunarekin bat egin duten Udalbatzako beste kide batzuk.
Juan Mari Aburto alkateak honakoa esan die inaugurazioan: "espero dut toki hau zuen egoitza baino zerbait gehiago izatea, zuen etxearen luzapen bihurtzea. Jardueretan parte hartzeko eta harreman berriak egiteko, agian zuen kezka berberak dituzten beste pertsona batzuekin. Isolamendutik urruntzeko eta gure eguneroko bizitzan aktiboki parte hartzeko".
Elkarte horrek Mazarredo zumarkaleko eta Uribitarte kaleko lokalak erabiltzen zituen. Oraingo lokalarekin, elkartearen ekimen ugariak erosoago egin ahal izatea nahi da. Zentro honek 465 metro koadro ditu, udal-titulartasunekoa da eta hura egokitzeko 830.071 € inbertitu dira sei hilabeteko iraupena izan duten obretan.
Espazio berrian hainbat jarduera egiten dira egunero: ingelesa, euskara, sevillanak, gym-yoga, informatika, telefonia mugikorra, gym-aparatuak, oroimena, irakurketa, poesia, marrazkia-pintura, dantza, taichi, puntua eta zinema. Abesbatza propioa ere badute, zentro, eliza eta egoitzetan abesten duena, Agate Deuna eta Santa Zezilia bezalako egun seinalatuetan.