'Ez dago justiziarik bizitzarik gabe'. Lelo horren azpian bat egingo du Bilboko Udalak larunbat honetan, azaroaren 30ean, 'Hiriak bizitzaren alde / heriotza-zigorraren aurka' ekimenarekin. Hori ezagutzera emateko, Burtsaren eraikina (Yohn Jauregia) hori kolorez argiztatuko da arratsaldeko 18:00etatik 20:30era.
Ekitaldia 18:00etan hasiko da: eraikina argiztatu eta Amnistia Internazionalaren karpa bat jarriko da. Bertan, erakundeko boluntarioek jendeari informazioa emango diote heriotza-zigorraren munduko egoerari buruz eta “Hiriak bizitzaren alde / heriotza-zigorraren aurka” izeneko mugimenduari buruz.
18:30ean, jardunaldiari lotutako adierazpena irakurriko da eta, jarraian, Bilboko Kontserbatorioko ikasleek kontzertu zirraragarri bat eskainiko dute (Urtzi Larrabeiti akordeoian; Tatiana Hernández biolinean eta Asier Torre gitarran).
20:00etan berriro ere irakurriko dute adierazpena, ekitaldiari girotze-musikarekin amaiera eman baino lehen.
Bizitzaren alde eta heriotza-zigorraren aurka
“Bizitzaren alde eta heriotza-zigorraren aurka” ekimenak hainbat arrazoi azaltzen ditu heriotza-zigorra indargabetzeko, adibidez: bizitzeko giza eskubidea urratzen du; ezin da desegin eta errugabeak hiltzen dira; zigorra ez da eraginkorra disuasio-neurri gisa; diskriminatzailea da, batez ere kolektibo minoritarioei aplikatzen baitzaie; oposiziogileen aurkako tresna politiko gisa erabiltzean da, eta berme nahikorik ez duten sistema judizialetan erabiltzen da.
Gaur egun, 144 herrialdek indargabetu dute heriotza-zigorra beren legedietan edo praktikan; hau da, munduko herrialdeen bi herenek baino gehiagok. Hala ere, eta heriotza-zigorra oraindik aplikatzen duten herrialdeen kopuruak behera egin badu ere, 2023an erregistratu zen ia hamarkada batean ezagututako exekuzio kopururik handiena, 1153 kasu dokumentatu baitziren.