Bilboko Udalak 719 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, historiako altuena eta aurtengoa baino % 2,6 handiagoa. Ostiral honetan ospatutako udalbatzarrean onartu da aurrekontu-proiektua.

Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak azaldu duen moduan, kontu berriek uriaren aurrerapenarekin jarraitzeko eta herritarrentzako kalitatezko zerbitzu publikoak finkatzeko konpromisoa jasotzen dute, "haien eskaerei eta itxaropenei erantzunez, orainaldirako pentsatutako aurrekontuarekin, baina etorkizunari begira". Ildo horretatik, lehentasun hauek nabarmendu ditu: "pertsonen beharrei erantzutea, bereziki ahulenenak; uriko auzoak hobetzea eta eraldatzea, bizilagunei entzunez; eta, oso garrantzitsua, garapen ekonomikoa erraztea eta bultzatzea."

Aurrekontua hainbat ardatz nagusitan oinarritu da. Horien artean, eta Udalkutxari dagokionez, lehenik eta behin adierazi du mutualistei itzuli behar izan zaizkiela diru-kopuru batzuk, zeren eta, arrisku partekatuaren printzipioa betez, "euskal administrazio publiko guztiek itzuliko dituzte 2024ko konturako ekarpenen zati bat". Horrez gain, murriztu egin dira Next Generation funtsetatik datozen baliabideak (2026an amaituko direnak), arau fiskalak betetzeko konpromisoa, hala nola aurrekontu-egonkortasuna, gastu-araua eta finantza-jasangarritasuna, eta ordenantza fiskalek diru-sarreren aurreikuspenetan daukaten eragina. Ildo horretan, gogoratu behar da zerga batzuk Bizkaiko Foru Aldundiak egindako katastro-balioen eguneratzearen ondorioz aldatu zirela, eta beste batzuk kalearen kategoria fiskalen aldaketaren ondorioz.

Aurrekontuaren zifra handiak

Kopuru horren barruan, nabarmentzekoa da Udalkutxa funtsaren ekarpenaren zenbatekoa (408,8 milioi euro), 2024an aurreikusitako 415 milioi euroen aldean, hau da, 7 milioi euro gutxiago.Kasu zehatz honetan, lehen esandako moduan, eta Bizkaian mutualistei 400 milioi euro itzuli zaizkienez gero, Bilboko Udalari 15 milioi euroko itzulketa egokitu zaio. Udalkutxak 2025erako aurreikusita daukanarekin, -7 milioi euroan geratuko litzateke.Horrekin batera, azpimarratu behar da udalak ez daukala zorrik.

Diru-sarreren partidei dagokienez, % 57 Udalkutxatik datozen funtsak dira (408,8 milioi €); % 32 udal-zerga eta -tasetatik datoz (231,1 milioi €), eta % 11 beste diru-sarrera batzuk dira (79,1 milioi €). Zerga eta tasetatik datozen baliabideen kasuan, 2024an baino diru gehiago bilduko dela aurreikusten da.

Zorrotzaurreko orube bat etxebizitza librerako saltzea aurreikusten da.

Gastuen kapituluaren barruan, kalitatezko oinarrizko zerbitzu publikoak (saneamendua, argiteria, garraio publikoa, gizarte-zerbitzuak...) eskaintzera bideratutako zenbatekoa handitu egin da berriz ere (337 milioi euro 2024ko 331 milioien aldean), bai eta udal-inbertsio publikoa ere (122 milioi). Zifra horiei langileei eta plantillari dagokiona gehitu behar zaie, 196'3 milioi eurokoa (2024an 192 milioi euro izan dira).

Jarduerak eta zenbait proiektu

Marta Ajuriak zehaztu duenez, 2025erako pertsonen zaintzarekin jarraituko da, bilbotarrek estimatutako zerbitzua ematen duen Bilbobus moderno batekin mugikortasuna erraztuko da, kaleen garbiketa indartuko da, ur-hornidurako eta saneamenduko sareak berrituko dira, parkeak eta lorategiak zainduko dira, eta abar. Aurreikusitako inbertsioarekin hiri-garapeneko eredua sustatu nahi da, birgaitzea, hiri-berroneratzea eta etxebizitzaren inguruko berrikuntza sustatuko dituena, irisgarritasuna, energia-efizientzia eta eraikuntza jasangarria hobetuz.

Kulturaren arloko proiektu zehatzei dagokienez, Euskal Museoaren eta Arte Ederren Museoaren obrak nabarmentzen dira. Bilbao Kirolak erakundeak 28 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, eta horietatik 5 milioi euro kiroldegiak berritzen jarraitzeko erabiliko dira.

Mugikortasun Sailean Artxandako funikularraren goiko geltokia birmoldatzen ari dira, bidegorri-sarea garatzen, Irala-Miribilla tartean eta Zumalacarreguin, eta BilbaoBiziren kontratu berriarekin. Bilbon irisgarritasuna hobetzen jarraituko da, elementu mekaniko berriekin eta aurreikusitako 5,4 milioi euroko inbertsioarekin. Era berean, 5,5 milioi euro aurreikusi dira ur-hornidurako eta saneamenduko sareak berritzeko.

Aurtengo beste proiektu aipagarri batzuk dira Remar Sarrikue parkea eraberritzeko eta egokitzeko obrak, Garabia eraikina egokitzea, Zirgariak parkean jardutea, Luis Briñas, Tiboli eta Mª Diaz Haroko kaleak urbanizatzea (2. fasea). Plaza berriak sortuko dira haurreskoletan eta ikastetxeak hobetuko dira 5,4 milioi eurorekin. Olabeagako hiri-berroneratzerako 18 milioi euro eta Zorrotzako trenbide-integraziorako 24 milioi euro erabiliko dira.

Gizarte Ekintzako Sailak 61,9 milioi euroko aurrekontua izango du, 2024an baino 2 milioi euro baino gehixeago. Kontratu garrantzitsuen kopuruak gora egin du, esaterako etxeko laguntza-zerbitzuan (% 5,2). Aldi berean, lehenengo urratsak emango dira Atxuri auzoko Emakumeen Etxea diseinatzean.

23 milioi euro inguru bideratuko dira etxebizitza-politikara, Udal Etxebizitzak erakundearen bidez. Ildo horretan, 2024an hasi dira Ametzolako zuzkidura-bizitokien bigarren fasea eraikitzeko obrak. Segurtasunaren kapituluaren barruan, 2025ean beharrezko baliabideak erabiliko dira Udaltzaingoa hobetzeko eta modernizatzeko, zerbitzua eguneratzeko eta "segurtasun integrala eta interkonektatua" lortzeko.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloan, 2024/2025 Enplegu Planekin jarraituko da. Plan horiek 505 lanpostu berri sortuko dituzte Bilbon, talentua erakarri eta fidelizatuko dute eta ekitaldiak bultzatuko dituzte, besteak beste. Bilbao Ekintza udal-sozietateak 39,5 milioi euro kudeatuko ditu, 2024an baino % 10 gehiago.

Ogasuneko zinegotziak adierazi du asmoa dela aurreikuspenez, neurriz, zorroztasunez eta tentuz jardutea. Udaleko gobernu-taldeak egindako kontuak "uriaren beharrei erantzuten diete, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen dituzte eta pertsona eta kolektibo ahulenen eskaerei erantzuten diete. Horretarako, auzoak gure esku-hartzeen erdigunean kokatzen jarraitzen dugu. Aurrekontu honek, gainera, hazkunde ekonomikoa bultzatzeko oinarriak ezartzen ditu. Horretarako, enpresa-sare lehiakorra finkatu behar da, enplegua sortu eta talentua erakarri eta atxikitzeko".

Eztabaida

Gaurko Udalbatzarreko eztabaida-saioa amaiturik, 2025eko ekitaldiko aurrekontu-proiektua onartu da oposizioko taldeek aurkeztutako osotasuneko zuzenketak ezetsi ondoren. Era berean, Udalaren Gobernu Taldeak (EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatua) oposizioko udal taldeen 16 zuzenketa partzial onartu ditu, guztira 1.050.000 euro egiten dutenak.

  • EH Bildu taldearen 5 zuzenketa partzial onartu dira, guztira 500.000 euroko balioarekin: Zaintza, euskararen erabilera sustatzeko laguntza, etxebizitza-kanonaren azterlana, belar artifiziala Ibarsusiko futbol-zelaian, eta ekonomia soziala bultzatzea.
  • Elkarrekin Bilbao taldearen 6 zuzenketa partzial onartu dira, guztira 200.000 euroko balioarekin: GKEei laguntzea, hiri-koloniak, enpresak indarkeria matxistaren aurka inplikatzea, genero-indarkeriako larrialdiko laguntzak, osasun emozionala eta mentala hobetzea, igeriketarako dirulaguntza.
  • PP taldearen 5 zuzenketa partzial onartu dira, guztira 350.000 euroko balioarekin:Modaren astea, bakardadeari aurre egitea, kohesio-funtsa hotz-boladetarako, merkatuak sustatzeko kanpaina eta Udaltzaingoarentzat dronak eskuratzea.

Azken irizpenak argi berdea eman die 2025eko ekitaldiko kontuei, eta gehiengo osoz onartu dira, gobernu-taldea osatzen duten alderdi politikoen aldeko botoekin eta oposizioko alderdi politikoen aurkako botoekin.

Eztabaida eta onarpen saio horren ondoren, abenduaren 27an egingo den beste ezohiko udalbatzar batean berretsi beharko da aurrekontua, eta izapide hori nahitaez bete beharko da, urtarrilaren 1etik aurrera datorren urtean Udalaren jarduna arautuko duten kontu berriak abian jartzeko.