Larrialdietako ibilgailuak errazago sartu ahal izango dira Otxarkoaga auzoko Ugarte kalean egindakoespaloia handitzeko lanak amaitu ostean. Bilboko Udalak Auzokide Planaren barruan egin ditu lan hauek, eta 426.299,11 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne.

Oinezkoentzako kalea da baina atarietarako eskailerek, komunitate batzuetako igogailuek eta ezpondako berdegune handiak -Garaizarko Zelaiak izenez ezaguna- espazioa mugatzen zuten eta dute. Tarte batzuetan pasabide erabilgarria bi metrora murriztuta geratzen da. Horrek zaildu egiten zuen larrialdietako ibilgailuak ingurunera iristea.

Hori dela eta, espaloia zabaldu egin da, horma ezpondarantz 2,50 metro eramanez, gutxienez lau metroko zabalera uzteko.  Horren ondorioz, lehendik zegoen horma eraitsi egin behar izan da eta altuera handiagoko beste bat egin (2,5 metrora arte goiko aldean). Guztira, 270 metro karratuko hormigoi armatuzko horma eraiki da, harri-akaberako mortero inprimatuarekin estalia.

Era berean, eta Garate kaletik espaloirako oinezkoentzako sarbidea hobetzeko – irisgarritasun-arazoak ere bazituena, % 14ko desnibelak eraginda –, eskailera batzuk eraiki dira eta oinezkoen pasabide beheratua berritu da.

Kontuan izan behar da Udalak aurretik ere iazko urrian amaitu zituen - beste lan batzuk egin zituela arkitektura-oztopoak kentzeko eta ingurune horretan ibilbide irisgarriak sortzeko; hain zuzen ere, Garaizarko Zelaietan bi igogailu eta oinezkoentzako hainbat bide eraiki zituen Obra horretarako 1,3 milioi euro baino gehiago erabili ziren.

Auzokide Plana

Azken lau hilabeteetan Otxarkoagan egindako obra horiek, uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan sartzen dira, eta, beraz, 3. barrutiko (Otxarkoaga-Txurdinaga) bizilagunek lehentasuna eman diete.