Juan José Millás idazlea eta Juan Luis Arsuaga paleontologoa Bilbon izango dira datorren astean 'La conciencia contada por un sapiens a un neandertal' izeneko beren liburu berria aurkezten. Ekitaldia ostegunean izango da, urriaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan, Bidebarrieta Kulturgunean.
Trilogiako azken liburua da, non bi egileak buru-belarri aritu diren azken urteetan, eta egungo literatur panoraman parekorik ez duen proiektua da. Bere helburua giza izaeraren esplorazio bat planteatzea da, premisa honekin: Juan Luis Arsuagak, sapiens papera hartuz, Juan José Millási, neandertal rolean, zientziaren ikuspuntutik bizitzaren misterioak azaltzen dizkio, nobelagileak idatziz jar ditzan.
Ahalegin horren ondorioz, aurretik bi liburu iritsi ziren ("La vida contada por un sapiens a un neandertal" eta "La muerte contada por un sapiens a un neandertal"), salmenta-arrakasta bihurtu zirenak. Bidebarrieta Kulturgunean aurkezten den obrarekin, egileek itxi egiten dute kritikak goraipatu eta publikoak bikain jaso duen trilogia hau.
César Coca kazetaria Juan José Millás eta Juan Luis Arsuagarekin batera izango da Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan eta aurkeztutako liburuaz hitz egingo du. Aurkezpenera joan nahi duten pertsonek sarrerak erreserba ditzakete, Bilbao Kulturaren web gunearen bidez.
Juan José Millás (Valentzia, 1946) hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli den obra anitz eta emankorra duen idazle eta kazetaria da. Literatur sari nagusietako batzuk jaso ditu. Adibidez, "Cerbero son las sombras" eleberriak Sesamo Saria irabazi zuen 1975ean eta Nadal Saria 1990ean "La soledad era esto" lanagatik. "Dos mujeres en Praga" lanak Nobelako Udaberriko Saria lortu zuen 2002an, eta "El mundo" eleberriak Eleberriko Planeta Saria jaso zuen 2007an eta Narratibako Sari Nazionala 2008an. Horrez gain, El País egunkariko eta SER kateko A vivir que son dos días saioaren ohiko kolaboratzailea da eta hainbat sari jaso ditu kazetari gisa egindako lanagatik. Halaber, 2006an honoris causa doktore izendatu zuen Turingo Unibertsitateak, eta hurrengo urtean Oviedoko Unibertsitateak.
Juan Luis Arsuaga (Madril, 1954) idazlea eta Paleontologiako katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Atapuercako aztarnategietako ikerketa-taldeko kidea da 1982tik, eta taldeko zuzendarikidea 1991tik. 1997an, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea saria eman zioten. 2002an, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izendatu zuten eta, 2013ko uztailaz geroztik, Burgosko Giza Eboluzioaren Museoko zuzendari zientifikoa da. Honoris Causa doktore ere izendatu dute Burgosko Unibertsitateak (2010) eta Zaragozako Unibertsitateak (2018). Bere lanen artean nabarmentzekoak dira "El collar del neandertal", "La especie elegido", "El mundo de Atapuerca", "El reloj de Mr. Darwin", "Breve historia de la Tierra (con nosotros dentro)", "Vida, la gran historia" eta Juan José Millásekin batera idatzitako liburuak, azkena Bidebarrieta Kulturgunean aurkeztua.
Bidebarrieta Kulturbunea Bidebarrietako Liburutegiak kultura zabaltzeko duen gunea da. Bere helburuen artean literatura, ezagutza eta dibulgazio zientifikoa sustatzea dago. Bertaratzerik izan ezean, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.