Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia, Eider Inunciaga, eta Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotzia, Kepa Odriozola, gaur goizean azaldu dute Bilboko Udalak 2024-2027 aldirako Auzokide Plana onetsi duela. Planak, herritarrek Barrutietako Kontseiluetan lehenetsi zituzten esparruak jaso ziren. Guztira, uriko 74 esparru jaso ziren. Hauek dira Udalak datozen urteotan jorratuko dituen alderdietako batzuk: Benidorm kaleko espaloiak handitzea; irisgarritasuna hobetzea Zurbaranen, Txurdinagan eta Betolazan; espaloia egokitzea Bilbo-Galdakao errepidean, Boluetan; kaleak berritzea San Frantzisko inguruan; eskola-inguruneak modernizatzea Abandon, eta piraten parkea eraberritzea Olabeagan.

Auzokide Planagainera, herritarrek parte hartzeko udal-tresna nagusietako bat da. Lau urterik behin garatzen da, Barrutiko Kontseiluen parte-hartzearen bidez. Hainbat hilabetetan zehar azterketa-, eztabaida- eta leheneste-lanak egin ondoren, Kontseiluek beren auzoetan egin beharreko hobekuntza-obren lehentasun-zerrenda bat prestatzen dute, herritarrek helarazitako premietan oinarrituta.

Hemendik aurrera, herritarrek, Barrutiko Kontseiluen bidez, beren kale, plaza, parke edo auzoetan lehentasunezkotzat jo dituzten hobekuntza-obren proiektuak definitzeari ekingo zaio, 2024rako planifikatutako proiektuetatik hasita, dagoeneko landuak izaten ari baitira.

Irisgarritasunaren aldeko apustua egitea, argiztapena hobetzea, kaleak berritzea, parkeak eta espaloiak hobetzea eta haurrentzako jolasguneak eraberritu eta berriak sortzea dira, funtsean, bizilagunek lehenetsi dituzten jarduketak.

2024-2027 aldirako Auzokide Planaren zuzkidura ekonomikoa 1,75 milioi eurokoa da barruti eta urte bakoitzeko. Horiek horrela, plan horri esker, Bilboko Udalak uriko auzoak etengabe hobetzearen aldeko apustua egin du eta 2027ra arte 56 milioi euro inbertituko ditu. Herritarren parte-hartzearen aldeko apustua ere egin du; izan ere, Bilboko herritarrek, eragile politikoek eta sozialek uriko Barrutietako Kontseiluen bidez lehentasunezkotzat jo dituzten obrak eta jarduketak gauzatuko ditu.

74 JARDUKETA-ESPARRU LAU URTETAN

1. barrutia - Deustu:

Hauexek dira 1. barrutiko bizilagunek agintaldi honetarako lehenetsi dituzten esparruetako batzuk: Rafaela Ybarra kalearen tarte bat hobetzea, Kaputxinoen aldapa zaharra erabat berritzea, Arangoiti parkearen 2. faseari ekitea, Santa María Josefa parkea hobetzea eta Francesc Macià kaleko argiteria hobetzea.

2024an, besteak beste, Botikazarreko parkea hobetu, Levante plazan dagoen pergola ordezkatu eta Benidorm kalean espaloiak handitzeko lanei ekingo zaie.

2. barrutia - Uribarri:

2. barrutian hauek dira lehenetsitako esparruak: Tiboli zeharkalea hobetzea, Moraza plazarako sarbidea hobetzea, Panerako jolasgunea estaltzea, Lezamako Trenbide Zaharreko bidea egokitzea eta Uribarri, Zurbaran eta Arabellako hainbat eremutan irisgarritasuna hobetzea eta espaloiak handitzea.

2024an, besteak beste, Zurbaranbarrin bi igogailu berri jartzeko lanei ekingo zaie.

3. barrutia - Otxarkoaga/Txurdinaga:

Barruti honetako bizilagunek, besteak beste, honako proiektu hauek lehenetsi dituzte agintaldi honetarako: anbulatorioaren atzeko plaza egokitzea, agertoki bat eraikitzea, Ugarte kaleko atzeko plazan estalkia jartzeko aukera aztertzea, oinezkoentzako ibilbide bat sortzea eta irisgarritasuna hobetzea.

Txurdinaga auzoan, besteak beste, lehentasuna eman zaie Ornilla Doktorea kalea hobetzeari, Ugarte kaleko lorategian haurrentzako aisialdirako gune bat sortzeari eta Julian Gaiarre eta Bolueta arteko konexio mekanizatu bat egiteari.

4. barrutia - Begoña:

Santutxun, besteak beste, honako hauek lehenetsi dira: Garabi plazako haur-jolasak berritzea eta hainbat kaletan hobekuntzak egitea, hala nola Santutxun, Kalamuan, Landaburu Baserrian eta Errosario Santuan, baita zenbait gunetako irisgarritasuna hobetzeko obrak egitea ere.

Bestalde, Boluetan, hobekuntzak egingo dira San Joakim auzoan, irisgarritasuna hobetuko da zenbait gunetan eta espaloia egokituko da Bilbo-Galdakao errepidean.

5. barrutia-  Ibaiondo:

Ibaiondo Barrutiko Kontseiluan, besteak beste, honako proiektu hauek lehenetsi dira: San Francisquito kalea hobetzea, Ibaieder parkeko bideak hobetzea eta Eretza Mendian espaloiak handitzea. Ibaieder zelaiko haurrentzako jolasak ere berrituko dira, eta Gas plazako haurrentzako gunea hobetuko da.

Bestalde, Solokoetxeko igogailu zaharraren inguruan esku hartuko da, eta zenbait kaletako irisgarritasuna hobetuko.

6. barrutia - Abando:

Hona hemen 6. barrutian landuko diren proiektuetako batzuk: Abandoko eskola-ingurune batzuk hobetzea, Rodriguez Arias kaleko merkataritza-korridorearen proiektuari jarraipena ematea, Ibaigane Jauregiko lorategia egokitzea eta kale batzuetako argiztapena hobetzea.

Era berean, Casilda Iturrizar parkeko txakurrentzako eremua handitu eta hobetuko da, eta hobekuntzak egingo dira Autonomia eta Fernandez del Campo kaleetako zenbait gunetan.

7. barrutia - Rekalde:

Agintaldi honetan, besteak beste, lan hauei ekingo zaie: Kirikiño plazako eta Artazu-Bekoako egonlekuak birmoldatzea, Rekalde plaza/Gabriel Aresti HLHI inguruko irisgarritasuna hobetzea, Uretamendi/Betolazan jolasguneren bat estaltzea eta auzo horretan bertan irisgarritasuna hobetzea.

2024an, gainera, jarraipena emango zaio Eskurtze parkeko hirigintza arloko esku-hartzeari, eta Betolazan egonleku bat sortuko da.

8. barrutia- Basurtu/Zorrotza:

Basurtu eta Zorrotza auzoetarako lehentasunak, besteak beste, honako hauek dira: haurrentzako hainbat jolasgune estaltzea (Garellano plaza, Masustegi, Altamira, Zorrotzagane), jolasgune berriren bat (Masustegi) edo kalistenia-espazioak (Basurtu eta Altamira) sortzea eta Olabeagako Piraten parkea osorik eraberritzea.

Horrez gain, Altamirako frontoiaren kalea berriz asfaltatzeko eta Zorrozgoitibideko tarte bat hobetzeko proiektuak egingo dira.

BARRUTIKO KONTSEILUAK ETA AUZOKIDE PLANA

Auzokide Plana prestatzeko, Bilboko Barrutietako Kontseiluek (politika- eta auzo-ordezkariek osatutakoek), beren proposamenak aurkeztu behar dituzte lehenik, eta, ondoren, lau urteko plan honetan sartu beharreko jarduketak lehenetsi. Horregatik, Bilboko Udalak herritarren partaidetzarako duen tresna garrantzitsuenetako bat dugu Auzokide Plana.

Auzokide Plana 2004an sortu zen, Barrutiko Kontseiluen bitartez eta auzoetatik abiatuta uriaren aurrerapena bideratzeko asmoz. Urte hauetan zehar, asko izan dira ezarritako hobekuntzak, betiere prozesuaren gardentasuna eta egindako lanaren kontu-ematea xede izan dutenak. Planaren helburua da auzoetan auzotarrek erabakitako hobekuntza-proiektuen plangintza, garapena eta egikaritzea adoste