Síguenos en redes sociales:

Iturribide eta Fika kaleak lotzeko igogailu publiko bat eraikiko du Bilboko Udalak

Iturribide eta Fika kaleak lotzeko igogailu publiko bat eraikiko du Bilboko UdalakB. U.

Bilboko Udalak 972.477,23 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Iturribide eta Fika kaleen artean igogailu publiko bat eraikitzeko. Behin hura esleituta eta obrak hasita, lanek zazpi hilabeteko exekuzio-epea izango dute.

Irisgarritasun unibertsalarekiko konpromisoan murgilduta, Udalak obra horri ekingo dio, Santutxu auzoko eremu horren beheko eta goiko aldeen artean ibilbide irisgarria ahalbidetzeko, elementu mekaniko baten bidez. Elementu hori Iturribide kaleko 121. atariaren eta Fika kaleko 61. atariaren arteko plazan kokatuko da. Desnibel handiko eremua da eta gaur egun eskailera batzuen bidez konpontzen da.

Elementu mekaniko berriak 9,81 metroko desnibela gaindituko du, geldialdi bi izango ditu eta metalezko egitura duen nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako edukiera izango du.

Beheko eremua erabat berrituko da, dagoen maila bikoitza kenduko da eta plataforma bakarra sortuko da. Inguru horretan parterre berri bi jarriko dira, sasoiko loreekin. Halaber, eserleku zirkular bi eta hondakin desberdineko botatzeko paperontzi sorta bat jarriko dira.

Igogailuaren goiko irteeran 13,74 metro luze den metalezko pasabidea jarriko da.

Mugikortasun bertikala

Bilbon 72 igogailu publiko daude martxan. Horiei gaur egun egiten ari diren bost jasogailuak gehitu beharko zaizkie: Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua, bi Zurbaranbarri auzoan eta beste bat Harrobi plazaren eta San Frantziskoko Kontzezio kalearen artean.

Era berean, esleitutako beste proiektu bi daude eta obrak laster hasiko dira: Moncada kaleko (Errekalde) igogailua eta Urretxindorra ikastolaren ondoan egongo dena, San Adrianen.