Astearte honetan goizean, uztailaren 2an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok elikagaien banaketa eta arreta integrala eskaintzen duen eta Basurtu auzoko Aita Donostia plazako seigarren zenbakian kokatuta dagoen 'BBK Lagun Gunea' deritzon zentro berria inauguratu du. Alkatearekin batera Juan Ibarretxe, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia; Gorka Martínez, BBK-ko zuzendari nagusia; Josu Perón, Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea; eta Luis Crovetto, Elikagaien Bankuko presidentea izan dira.
Azpiegitura berriak 2018tik hona Santutxu auzoan eskaintzen den zerbitzua osatzen du, eta, horrela, “Bilboko auzo gehienei estaldura emateko eta hiriko familia kalteberen ehuneko handiari arreta emateko aukera ematen digu”, nabarmendu dute proiektuari atxikitako erakundeek. Lagun Gunea deritzon proiektu honek hiru helburu nagusi ditu: gizarte-kohesioa hobetzea, zerbitzuaren erabiltzaileak duintzea eta elikagaiak aprobetxatzea.
Helburuok betetzeko, Bizkaiko hiriburuko bi Lagun Guneek elikagaiak banatzeko sistema “duinagoa eta pertsonalizatuagoa dute, eta, bertan, pertsonak eta familiak dira prozesuaren benetako aitzindariak, eta, gainera, gizarteratzen laguntzen du egitasmoak”.
1.608 familiak arreta jasota
Arretaz denaz bezainbatean, aurtengo urtarriletik aurrera, Basurtuko guneak gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden 788 familiaren oinarrizko premiei erantzuten die, hau da, 1.555 pertsonari (446 umeri, horien artean). Santutxuko zentroari doakionez, gaur egun, Lagun Guneak 820 familia-unitateri (1.685 pertsonari) laguntzen die.
Ekimen berria erakunde publikoen eta gizarte-erakundeen arteko koordinazioa eta ahaleginaren erakusgarria da. Hala, Bilboko Udalak, BBKren, Bizkaiko Gurutze Gorriaren eta Bizkaiko Elikagaien Bankuaren partaidetza lagun, eta Victor Tapia Fundazioarekin lankidetzan, kalteberatasun-egoeran dauden familiak baloratu ditu arreta-plan pertsonalizatua gertatzeko. Familiako kideen eta premiak baloratzeko beste irizpide tekniko batzuen arabera, familia-unitate bakoitzari puntu-kopuru jakin bat ematen zaio, hilean behin gehien behar dituen produktuez truka ditzan, supermerkatuko eredu baten bidez, erabiltzaileen duintasuna gauza guztien gainetik jartzea ahalbidetzen duena.
Gainera, Basurtuko zentroak, Santutxukoak bezala, familia horiei laguntzeko hainbat neurri eskaintzen ditu. Enplegagarritasuna hobetzeko neurriak hartzeaz gain, etxeko ekonomiako tailerrak eskaintzen dira, euskara eta gaztelaniako ikastaroak, kultura arteko programak, haurren beharrei erantzuten zaie eta ordainketa farmazeutikoa bultzatzen da. Azken batean, arreta osoa ematen zaie kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei.
Erabiltzaileen ezaugarriak eta zentroen sarea Bizkaian
Erabiltzailearen ohiko ezaugarriak ondokoak dira: diru-sarrerarik ez izateagatik edo diru-sarrera nahikorik ez izateagatik, oinarrizko premiei erantzuteko zailtasunak dituzten familiak; langabezia-sorospena kobratzen duten eta aldi baterako lan-erregulazioko egoeran dauden pertsonak; kotizazio gabeko pentsioak edo pentsio txikiak dituzten adinekoak; eta egoera administratiboa dela eta, lan duinik izan ez edo prestaziorik jaso ezin duten pertsonak.
Proiektua sustatzen duten erakundeak Bizkaian elikadura-laguntza duina, eraginkorra eta integrala ematen duen zentroen sarea sortzearen aldekoak dira, eragileen arteko lana bateratuz eta koordinatuz. Gainera, familiak edo pertsonak sistemara bideratzen dituzten erakundeek balorazio-irizpide berberak erabiliko dituzte. Erakunde publikoak eta gizarte-erakundeak batzen diren sareko lan horri enpresa-munduko gizarte-erantzukizun korporatiboaren ekimena batu nahi zaio.