Síguenos en redes sociales:

Bilboko udalekuek eskainitako 8.535 plazak bete dituzte

'Goizeko udalekuak', 'Eguneko udalekuak', 'Udan primeran kirola eginez' eta 'Campusa' udal programen bitartez 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei eskainitako 5.835 plazak bete ditu aurten Bilboko Udalak. Horiez gain, aurten lehen aldiz, STEAM Udalekuak eskainiko dira (30 plaza Esperantzan), neska-mutilak robotikaren eta teknologia berrien mundura hurbil daitezen.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak Esperantzan egiten diren STEAM udalekuak bisitatu nahi izan ditu, eta bertan berriz erabil daitekeen baxera-kitaren proiektu pilotua aurkeztu du.

Zehazki, 3.485 plaza (hots, aurreko edizioan baino 400 plaza gehiago) eskaintzen dira 'Goizeko udalekuak' eta 'Eguneko udalekuak' programetan, 2013 eta 2021 bitartean jaiotako haurrentzat. Eskaintza uriko barrutietan banatzen da. Beste 2.350 plaza 'Udan primeran kirola eginez' eta 'Campusa' programetakoak dira, aisialdian kirola egiteko, 6 eta 18 urte arteko pertsonentzat. Artxanda, Txurdinaga, Errekalde eta San Ignazioko udal kiroldegietan egiten dira. 'Udan primeran kirola eginez' programaren barruan 30 plaza gorde dira dibertsitate funtzionala daukaten adingabeentzat.

Programazio honen helburua da, batetik, udako hilabeteetan familiei kontziliazio-premietan laguntzea, eta, bigarrenik, neska-mutilei aukera ematea ondo pasatzeko, kirola egiteko, esperimentatzeko eta sozializatzeko.

Aurten, Esperantzak zenbait berrikuntza eskaintzen ditu, nagusiki STEAM udalekuak eta baxera-kit berrerabilgarriaren proba pilotua. Ekimena 2010 eta 2014 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta.

Proba pilotua baxera berrerabilgarriarekin

Eguneko udalekuen lehen hiru asteetanIruarteta, Zurbaran eta Esperantza zentroetan, familiei baxera berrerabilgarriaren multzo bat (platera, edalontzia eta mahai-tresnak) eman zaie. Tresna horiek mikrouhin-labean erabiltzeko modukoak dira, jatorri birziklatuko polipropilenoz eginda daude eta ez daukate A Bisfenolik (BPA). Umeek egunero eraman beharko dute kita udalekura, otorduetan erabiltzeko. Helburua hondakin gutxiago sortzea da, 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren helburuekin bat etorriz.

STEAM udalekuak Esperantzan

Bilbo Gazte STEAM estrategiaren eta Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren testuinguruan, Esperantza ekipamenduak STEAM udalekuak eskaintzen dizkie 30 neska-mutikori uztailaren 1etik 12ra. Esperientzia dibertigarri baten bidez, robotikarekin, programazioarekin eta teknologia berriekin esperimentatuko dute. Ikasleen artean formakuntza zientifiko-teknikoa bultzatzea eta esparru horietako bokazioak sustatzea, horiek dira Bilboko Udalaren erronkak.