Síguenos en redes sociales:

Aste honetan hasiko dira Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorriko ezponda egonkortzeko lanak

Bilboko Udalak 376.960,78 euroko aurrekontua bideratuko du Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorriko ezponda egonkortzeko. Udalak aste honetan hasiko ditu lanak, eta aurreikusita dago bi hilabeteko epean amaitzea. Obrek 220 metro koadroko eremu bati eragingo diete.

Obra hori beharrezkoa da 2021aren amaieran lur-jausia gertatu zelako baina orain arte ezin izan da egin, lursaila ez delako udalaren titulartasunekoa. Bada, hor jardun ahal izateko egin beharreko kudeaketak amaitu ondoren eta proiektuaren lizitazio- eta esleipen-izapideak amaitu ondoren, ekin ahal izango zaie lanei.

Ezponda ADIFen trenbide-plataformaren eta itsasadarraren paraleloan igarotzen diren pasealekuaren eta bidegorriaren artean dago, Olabeaga eta Zorrotza artean, eta proiektu honekin lortu nahi da ezpondan izan zen lur-jausiari eraikuntza-definizio egokiena ematea.

Hala, zenbait ingeniaritza-bulegori eskatutako txostenak aztertu ondoren, eta geoteknian aditua den Ikerlur enpresaren analisian oinarrituta, ondorioztatu da ezpondak azaleko haustura duela, eta horrek eragin duela lur-jausia bidegorriaren gainera. Lur-jausi horrek, era berean, ezpondaren barrenaren eta Olabeaga pasealekuaren arteko mugan zegoen harlangaitzezko horma erortzea eragin du.

Horregatik, erabaki da ezpondaren gainazala babesteko eta finkatzeko elementu berri bat egitea, nahikoa izango delakoan ezponda egonkortu dela bermatzeko. Obretako lehenengo lana ezpondako sastrakak kentzea izango da, lurrik kendu gabe trenbidean eraginik ez izateko.

Ezponda bermatzeko zulatutako errailen pantaila bat jarriko da. Ondoren, belar-sastrakak kenduko dira, eroritako materiala kenduko da eta, hortik abiatuta, soluzio egonkortzailea eraikitzen hasiko dira. Gutxienez metro bateko lodiera duen harri-lubetazko azala egingo da. Harri-lubetazko azalaren zimenduak 1 eta 1,5 metro artean jarriko dira beheko bidearen azpiko lurrean, karga eta egonkortasuna irabazteko.

Ondoren, harlangaitzezko horma berrituko da, baita bidegorriko aglomeratua ere, eta, azkenik, ezponda landare-lurrez beteko da eta landareak erein eta landatuko dira.