Tere Verdes Pasabide kalea inauguratu du Bilboko Udalak
Atzo goizean, Bilboko Udalak Moraza plazaren, Artatzamina kalearen eta Tiboli kalearen muturraren artean kokatuta dagoen Tere Verdes Pasabide kalea inauguratu zuen. Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan zen ekitaldiaren burua, eta berarekin batera Tere Verdesen senideak egon ziren.
Zehazki, Uribarriko 2. Barrutiko Castaños auzoko goiko aldean dago oinezkoentzako espazioa. Gunearen iparrean Artatzamina kalea eta ekialdean Moraza plazaren muturra daude, eta mendebalderantz luzatzen da Salbe kaleraino. Gutxi gorabehera 900 metro koadroko azalera eta 150 metroko luzera dauka, eta Moraza plazaren eta Tiboli kalearen muturra (29. atariaren parean) lotzen ditu Salbe kalearekin eta Artatzamina kalearen (goiko mailan baitago).
Azalera osoan zehar lorategi, eserleku eta argi txikiak daude, eta elementu bereizgarri nagusia uribilduko itsas eta portu-iraganaren adierazgarri diren hainbat horma-irudi dira.
Udalak espazioa Tere Verdes Pasabidea izendatzea erabaki du, eraikinez edo bestelako hirigintza-elementuez mugatutako oinezkoentzako bide gisa definitzen baita. Elementu horiek, zabalera handiegirik izan gabe, bi bide edo gehiago lotzeko funtzio nagusia dute, eta bide horiek igarotzeko, lotzeko edo komunikatzeko balio dute.
Izen berri hori Bilboko kale-izendegian sartzeak aukera ematen du 2020ko urriaren 29ko Udalbatzak aho batez onartutako konpromisoan aurrera egiteko: “Urian hemendik aurrera garatzen diren kale, plaza, etorbide, berdegune edo beste edozein azpiegitura berri andrazkoen izenekin izendatzea, izen horiek proposatzeko eta hautatzeko herritarren partaidetzarako kanal bat etengabe erraztuz”.