Urtero bezala, Bilboko Udalak egitarau berezia bezain zabala prestatu egin du bere urteurrena ospatzeko. Aurten, hiria sortu zenetik 724 urte ospatu egin ditu.

Lehenengo aldiz, egun berean egin dira Bilboko Bandera igotzeko ekitaldia, Udal Korporazioaren desfile ofiziala Plaza Biribileraino, eta Bilboko Hiria sortu zuen On Diego Lopez Harokoren omenezko estatuaren aurrean urtero antolatu ohi den lore-eskaintza herritarra. Ekitaldi ofizialei gehitu behar zaie Gau Zuriaren edizio berri bat, gaur eta bihar, 19:30etik aurrera.

Programa instituzionala 10:00etan hasi da Ernesto Erkoreka Plazaren erdialdeko lorategian, 1845etik Hiriko ikurtzat erabili eta 2016ko azaroan ikur ofizial bihurtu zen Bilboko Banderaren igoerarekin. Ekitaldia duela 21 urte oraingo kokapenera ekarri zen XVIII. mendeko Beteluriko Zin-jesarleku historikotik metro gutxira egin da, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea eta Udal Korporazioko gainerako kideak buru.

Jarraian, Udal Korporazio osoa, hainbat dantzarik eta txistularik lagunduta, Hiriaren sorreraren urteurreneko desfile ofiziala egin dute, Bilboko Bandera eramanez Mariano Benlliure eskultoreak On Diegoren omenez egindako estatua kokatuta dagoen Plaza Biribilaren erdialderaino.

Udal Txistulari Bandaren musikaz dantzatutako ohorezko aurreskuaren eta ezpatadantzaren ondoren, urtero Bilboren sortzailearen omenez antolatu ohi den lore-eskaintza herritarra egin da. Aurten ere, Udalak gonbidapena luzatu die herritarrei eta hirian bisitan dabiltzanei, udal segizioarekin bat egin eta loreak utz ditzaten On Diegoren omenezko estatuaren aurrean, eta horretarako krabelin zuriak eta gorriak banatu ditu bertaratutakoen artean.

Ekitaldian bildutako aurpegi ezagunen artean, Hiriko bizitza sozial, kultural, ekonomiko eta politikoaren ordezkariak aipa daitezke, baita Kidego Kontsularreko kideak, Bilboko Ospetsuak, merkataritza eta ostalaritzaren ordezkariak, eta Bilboko Hiri Kontseiluko nahiz Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideak ere, besteak beste, eta bertaratutako guztiei irekitako erromeria herrikoi alai batekin amaitu da.

Azkenik, gogoan izan Gau Zuria gaur arratsaldean itzuliko dela, 19:30etik aurrera, eta 30 esku-hartze artistiko baino gehiago eta bi ikuskizun ibiltari dituen aurtengo proposamenari esker, artez, argiz eta teknologiaz apainduko dituela atzo eta gaur hiriaren erdialdeko paisaia urbano ezagunak.