Tokiko dantzariek protagonismo osoa hartuko dute datorren asteburuan, ekainaren 1ean eta 2an, urian. Egun bi horietan zehar, Abandoibarrako Ingelesen Zelaia aurreko edizioetan harrera bikaina izan duen 'Bilboko dantzaguneak kalera!' izeneko programaren barruan antolatutako jardueren egoitza izango da. Bertan, disziplina honetako hamabost akademia eta eskolek beren artea hurbilduko diete bertaratutakoei. Jarduerak erabat doakoak eta publiko guztiarentzat izango dira.

Programa honen helburua Bilboko dantza eta balet akademien lana jendartean zabaltzea da, herritarrek Bilboko akademia eta dantza eskoletako ikasleek biltzen duten talentuaz goza dezaten. Astearte honetan goizean, maiatzaren 28an, eman dute ezagutzera hain berezia den programa honen barruan antolatutako emanaldi guztiak.

'Bilboko dantzaguneak kalera!' programaren egitarauaren barruan herriko hamabost dantza eskolek hartuko dute parte.

Larunbatean, ekainaren 1ean, eguerdiko 12:00etatik aurrera hasiko da ondorengo ikastetxeekin: Tamara Blanco Ballet Eskola, Bilbao Baila Dantza Eskola, Sara Etxebarri Dantza Eskola, Teresa González Ardanaz Ballet Klasikoaren Estudioa eta Fusión Centro de Baile Moderno.

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Saioa Ibañez Romero, Dena Bilbao, Roser Carres Ballet Estudioa, Dantza Libreko Estudioa, Olaeta Baletak eta Igor Yebra Dantza Eskolaren txanda izango da.

Igandean, ekainaren 2an, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Miriam Dantza Eskola, All Dance, Eva Ballet Eskola, Arte 8 eta Dantzerti taldeek antzestuko dute.