Xabier Erdoziak bere liburu berria aurkeztuko du Bidebarrieta Kulturgunean
Xabier Erdozia autoreak El espíritu liberal de Bilbao y la memoria de los sitios. 1835-1937 izeneko bere liburu berria aurkeztuko du maiatzaren 28an Bidebarrieta Kulturgunean. Ekitaldia doakoa izango da, eta arratsaldeko 19:00etan hasiko da.
Hitzorduan, liburuaren egileaz gain, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, lanaren editorea den José Ángel Medina eta Esteban Goti historialari eta El Sitio egunkariko zuzendaritza-batzordeko kidea izango dira, saiakera aurkeztu eta Xabier Erdoziarekin hitz egiteko.
El espíritu liberal de Bilbao y la memoria de los sitios. 1835-1937 liburuan, karlistek XIX. mendean zehar Bilbo inguratu zuten aldi ezberdinak zehazten dira, 1937an Gerra Zibilaren esparruan Hiribildua konkistatuz amaituz. Bilbo erori izanaren ondorioetako bat tradizio liberala nahita ezkutatzea izan zen, eta hori berreskuratzea bidezkoa da. Jasandako setioen oroitzapena hiriaren nortasunaren parte izan zen mende batez, eta zeremonia zibil eta erlijiosoetan eta Mallonako Panteoi-monumentuan islatu zen. Bilboren erresistentziak kausa liberalaren imajinarioa busti zuen eta onarpen instituzional eta sozial nabarmena izan zuen. Hiribilduak 1874an jasan zuen azken gune karlista askatu zutela 150 urte bete direnean, liburu honek Bilboko historia garaikidearen funtsezko atal bat oroitarazten du.
Xabier Erdozia Martínez Historian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta Historia Garaikidean doktorea UPV/EHUn. 1957an jaio zen, eta Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa jardun du, nahiz eta dagoeneko erretiratuta dagoen. Horri esker, denbora gehiago eskaini ahal izan dio ikertzaile-esparruari.
Empresarios y Cultura Empresarial en el Bilbao Metropolitano, 1876-1914 (UPV/EHU 2006) saiakera ere argitaratu du, baita hainbat artikulu ere Historia Contemporánea eta Estudios Bercianos aldizkarietan. Aditua da Julio de Lazúrteguiren irudian, Bilborako bere proiektuetan eta Bierzorako bere ekimen mineral-metalurgikoan.
Historian egin duen lana dela eta, hainbat kongresutan parte hartu du, hala nola EHUk 2018an Gasteizen antolatutako Héroes y Villanos de la Patria biltzarrean eta urte berean Bercianos Ikasketen Institutuak eta Ponferradako UNEDek antolatutako Hierro y Carbón en el Noroeste Ibérico jardunaldietan.