Bilbao Kirolaken abonatuek kiroldegietan sartzeko txartela sakelako telefonoan eraman ahalko dute
Aurrerapauso garrantzitsua eman du Bilboko Udalak aste honetan, Bilbao Kirolaken erabiltzaileentzat erosotasun handia ekarriko duena. Erakundeak bat egingo du Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika Digitala/Cartera Digital aplikazioarekin. Horri esker, abonatuek kiroldegietan sartzeko txartela sakelako telefonoan eraman ahalko dute, euskal erakunde publikoek ematen dituzten bestelako txartelekin batera.
Bilbao Kirolak-eko abonatuek, euren txartela aplikazioan deskargatu nahi badute, BakQ identifikazio elektronikoko sistema eduki beharko dute. NIK Patrika Digitala aplikaziotik bertatik Bilbao Kirolak-en bulego birtualera sartu ahalko dira, eta instalazioetako erreserbak, ikastaroetako altak eta abarrekoak kudeatu.
Aplikazio mugikorra Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatu du. Txartel-zorro horrek erabilgarritasun handia du erabiltzailearentzat, dokumentuak mugikorrean gordetzeko eta, beharrezkoa denean, in situ eta modu telematikoan aurkezteko aukera ematen baitio. Une honetan, NIK-ek Osakidetzaren OTI osasun-txartela, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko txartelak, Familia Ugariko Txartela, GazteTxartela eta zenbait udal-kiroldegitako erabiltzaileen txartelak hartzen ditu, besteak beste Bilbao Kirolak-ekoak.
Edozein pertsonak euskarri elektronikoan gorde ditzake bere akreditazio-txartelak telefono mugikorraren barruan, NIK Patrika Digitala/Cartera Digital aplikazioaren bidez. Aplikazioa deskargatu ondoren, telefono mugikorra erakutsiz dagokion zerbitzuan identifikatu ahal izango da erabiltzailea.