Aurrera doaz Bilboko Udalak Txurdinagako kiroldegiaren eraberritze integraleko lanak. Obra horiek 2025era arte luzatuko diren arren, dagoeneko hasi da lehen fasea, eta horren barruan egin da laster estreinatuko den skate park berria. Proiektu guztiarako 800.000 euro baino gehiago inbertituko ditu Udalak.

Instalazioek skateboard-maila eta -modalitate guztietarako eremuak dituzte, ikasteko egokituak. Horrela, ekipamendu berriak gune zabala dauka hasiberrientzat, surfskate modalitatean aritzeko berariazko arrapala luzeez inguratua. Eremu horretan, halaber, maila ertain/aurreratuko mini arrapala bat eta street modulu erregulagarriak sartzen dira, modalitate hori hastapen-mailatik maila profesionalera entrenatzeko.

Era berean, azpiegitura berriak arrapala modalitatea egiteko definitutako zenbait eremu ere baditu, maila aurreratuko bowl batekin eta spinea duten eta ez duten mini arrapalekin, maila guztietarako. Maila ertain eta aurreratuko transfer-lerro bat eta hasiberrientzako beste korridore bat ere baditu.

Instalazioa zurez egina dago, tronaduraren gainean, material eta egitura horretan patinajea arinagoa eta atseginagoa baita eta erorketen ondorioak minimizatzen baitira.

Itxaso Errotetak, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, ekipamendu berriaren garrantzia azpimarratu du. "Bilbao Kirolak-en kirolaren udal-estrategiari jarraituz, kirol minoritarioak, emakumeen kirola eta eskola-kirola bultzatu nahi ditugu. Bilboko Udalaren helburuetako bat da kirol-eskaintza dibertsifikatzea, haurrek beste kirol minoritario batzuk aukeratu ahal izan ditzaten; kasu honetan, hain zuen, skatearen olatuaren gandorra hartu nahi dugu. Noski, emakumeen kirola eta haurtzarotik hartutako ohitura osasungarriak ere sustatu nahi ditugu, eta, hala, helburu biak betetzen dituzten hastapenerako pista horien gisako baliabideak eman nahi dizkiegu herritarrei, bizi-ohitura onak har ditzaten eta elitezko txapeldunak lortzeko sozializazioan laguntzeko, kirol hori dagoeneko olinpikoa baita".

Gure Txoko Skate Eskolaren jarduerak

Instalazioko jarduerak Gabonetan abiaraziko ditu Bilbao Kirolak-ek, Gure Txoko Skate Eskolak abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 5era antolatutako udalekuekin. Informazioa eskatzeko eta izena emateko, interesdunek guretxokoskateskola@gmail.com helbidera idatzi behar dute, edo 628496164 zenbakira deitu.

Udalekuetan skate eskolak izango dira, tailer sortzaileekin, jokoekin eta kiroldegiaren barruko zein kanpoko beste kirol-jarduera batzuekin osatuta.