Bilboko Udaltzaingoak martxan jarriko du astelehen honetan gidatu bitartean mugikorra eta beste gailu elektroniko batzuk erabiltzen ote diren zaintzeko kanpaina berri bat. Ekimen hau hurrengo igandera arte, hau da hilaren 24ra arte, egongo da indarrean.
Ekimena Euskadiko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Plan Estrategikoaren barruan dator, eta xedetzat du bide segurtasunerako arriskua dakarten jokabideak zuzentzea.
Adibidez, gauza ziurra da pertsona bat mugikorretik berba egiten badabil gidatu bitartean, ez dela ohartzen trafiko seinale eta adierazpenen % 40az, eta haren batez besteko abiadura gutxitu egiten dela % 12, eta edozein ustekaberen aurrean erreakzionatzeko ahala ere urritu egiten dela.
Nolanahi ere, telefonoz hitz egitea ez ezik, nork deitzen duen begiratzea, mezuak irakurtzea eta bidaltzea eta aplikazioak erabiltzea ere arriskutsua da. Azken batean, mugikorra erabiltzea -eskaintzen dituen aukera guztietako edozein- ez da bateragarria gidatzeko nahitaezko arreta iraunkorrarekin.
Arrisku-egoera bera gertatzen da soinua hartzeko edo erreproduzitzeko aparatuetara konektatutako entzungailuak erabiltzen direnean. Eta hori guztia bizikletak edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patinete elektrikoak, esaterako) gidatzen dituzten pertsonei ere aplikatzen zaie.
Iaz, antzeko kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak hirurogei kontrol egin zituen, eta, horien ondorioz, 12.119 ibilgailu kontrolatu eta 112 salaketa jarri ziren (101 telefono mugikorra erabiltzeagatik eta 11 atzemandako beste arau-hauste batzuengatik).
Araudiaren aldaketa
Trafiko-istripuak ikertuz, gidatzean arreta galtzea oso garrantzitsua dela eta hori telefono mugikorra erabiltzen denean gertatzen dela zehaztu da. Hori da, hain zuzen ere, bide-segurtasunaren arloko jokabide gaitzesgarrienetako bat.
Hori dela eta, iazko martxotik aurrera, gidabaimenean puntu gehiago kenduko dira telefono mugikorra erabiltzen denean (gailua eskuarekin helduz), 6 puntu, hain zuzen ere.
Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa den ibilgailuetan, arau berriaren arabera, telefono mugikorra kaskoaren eta gidariaren buruaren artean doituta erabiltzen bada, 3 puntu kenduko dira.