Mercabilbao Gabonetako kanpainan murgilduta dago duela zenbait astetik, baina hemendik aurrera handizkariek salmenta gehieneko egunei aurre egin beharko diete. Egoera hori hurbileko arrandegiek eta frutategiek ere nabarituko dute, Gabonetako elkartzeetarako erosketak direla eta. Izan ere, Elikagaien merkatuan abendurako merkaturatze aurreikuspenak 21.125 tonakoak dira, hau da, urteko salmentaren % 10 inguru.

Gaur goizeko lehen orduan, Mercabilbaoko egunik frenetikoenetako batean, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Zinegotziak instalazioak bisitatu ditu, Aitor Argote Ibañez Mercabilbaoko Zuzendari Nagusiarekin batera, produktuak gure auzoetako saltokietara garaiz eta punturik freskoenean irits daitezen Mercabilbaora egunero joaten diren handizkarien eta xehekarien lana zuzenean ikusteko.

Elikadura Unitatean aritzen diren handizkako arrain enpresak hasi dira nabaritzen azken asteotan salmenten igoera. Izan ere, adierazi duenez, “herritarrak Gabonetako erosketak aurreratzera eta azken unerako ez uztera ohitu dira. ‘Auzoko’ konfiantzazko arrandegietara joaten dira, kalitaterik onena eta, zelan ez, preziorik onenak bilatzeko. Erosketa lasaiagoa eginda, erosketak hobeto egiten dira beti, eta hori Mercabilbaon ere nabaritzen da, handizkariek nahiko lasai egiten baitute lan”.

Horrela, Mercabilbaok, gizartearekin erlazionatutako ildo estrategiko garrantzitsuenetakoa den aldetik, elikagaien kontsumo arduratsuaren alde egiten du, bai produktu freskoen, kalitatezkoen eta hurbilekoen bidez bizimodu osasungarriari begiratzen dion gizartea sendotzen jarraitzeko, bai ingurumena zaintzeko, baita bere helburu nagusietakoa den eta Mercabilbaoren ahalegin handiena eskatzen duenaren alde: herritarrak elikagaien xahuketa murrizteko kontzientziatzea, gero eta gizarte jasangarriagoa lortzeko. Horrela, Elikadura Unitateak, 2030 Agendak ezartzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko Balioen Merkaturako estrategia indartuko du.

Aurreikuspenak sektoreka

Salmentak, orokorrean, erritmo onean doaz, gorako bidean. Sektoreka, arrain eta itsaskien sektorean (freskoa eta izoztua) 2023ko abendurako 2.070 tona merkaturatzea aurreikusten da, 2022ko aldi berean baino zeozer gutxiago, gehien bat kontsumo ohiturak aldatzen direlako. Datu horiek urteko merkaturatzearen % 14 inguru dira.

Gehien eskatzen diren itsasoko produktuak garai honetako ohikoak dira: nekora, karrakelak, txangurrua, zigala, zapoa eta arrain fina esaten zaiona, hau da legatza, bisigua edo lupia.

Fruta eta barazkien merkatuaren kasuan, urteko azken hilabeterako kalkulatutako merkaturatze-zifrak 19.055 tonakoak dira, hau da, urteko salmenten % 8 inguru. Kasu horretan, zifra 2022ko abendukoa baino handiagoa da, batez ere bananen salmentak gora egin duelako.

Abenduan, Mercabilbaon jarduten duten handizkako enpresek “urteko fakturazio osoaren % 16 inguru dute jokoan, are gehiago Gabonetako ospakizunak hurbildu ahala”.

Mila langile baino gehiago

Instalazioetan ari diren pertsona guztien eguneroko lanaren eta kudeatzen den elikagai bolumenaren ondorioz, Mercabilbao erreferente da Penintsulako iparraldeko elikagaien hornikuntzan. 13 hektareako jarduera ekonomikoa, ehun bat enpresa, mila langile baino gehiago eta urtean 567.720 ibilgailu baino gehiago. Datu horiek ikusita, Elikadura Unitatea Bilboko eta bere ingurune metropolitarreko motor ekonomiko eta soziala da.

Biltegi horretara egunero kalitatezko produktu fresko eta osasungarriz betetako salmahaiekin pertsiana irekitzen duten 1.000 saltoki txikizkari baino gehiago joaten dira goizaldean.