Bilboko Udalak 1.070.562,30 euroko aurrekontua bideratuko du Zorrotzaurreko Papelera eraikinari atxikitako eraikina berreraikitzeko, KUNSTHAL Arte eta DIseinu irakaskuntzako zentroa dagoen eraikina. Horrela erabaki du astearte honetan goizean Gobernu Batzordeak, zeinak datozen egunotan lizitaziora aterako duen proiektua. Behin hura esleituta eta obrak hasita, lanek hamar hilabeteko exekuzio-epea izango dute.

Papelera eraikina dagoen lurzatia Deustuibarreko 17. zenbakian dago, 2.258 metroko azalera du, eta horietatik 1.678 metro koadro eraikin nagusiari dagozkio. Hari atxikita –iparraldeko fatxadan– 239 metro koadroko eranskina dago, orain lizitaziora aterako den proiektuaren xedea. Proiektu horren arabera, berreraiki egingo da, antzeko azalera duen eraikin berria eginez, baina egungo arkitekturako prestazio tekniko egokiekin.

Eranskin hori itxi egin behar izan da, zenbait patologia ditu-eta. Kunsthal AIZko zenbait tailer eta gela-tailer zeuden han.

Papelera eraikina

Zorrotzaurreko papelera edo paper-fabrika industria-pabiloi bat da, eta papera biltegiratzeko jarduera izan zuena, duela 30 urte inguru amaitu zen arte.

Altuera handiko atal nagusi bat eta erantsitako bi atal ditu, bata hegoaldean, nagusiaren antzeko ezaugarriak dituen pabiloi txiki bat, eta bestea iparraldean, baxuagoa eta xumeagoa. Azken hori da proiektuaren xedea, eta eraitsi eta berreraikiko dena.

Eraikin berriak unekoaren bolumen bera edukiko du: beheko solairua eta lehenengoa. Sarrera eraikin nagusitik izango du.

Beheko solairuan, espazio bat egongo da bi gela komunikatuko dituena eta arte-tekniken tailerrerako gune bat. Azken hori altuera bikoitzekoa izango da, eta argiztapen naturala izango du, iparraldera begira estalkian dauden sabai-leihoei esker. Lehenengo solairuan, berriz, tailerrerako espazio bat egongo da.

Zimendu sakonak egingo ditugu, mikropiloteekin. Egiturarako, hormigoi armatua erabiliko da beheko solairuan, eta estalkian kontraijeztuzko zurezko panelak jarriko dira, iragazgaiztasuna eta isolamendua bermatzeko.

Eraikin berriak – irisgarria izango da, eta beharrezko saneamendu-, telekomunikazio-, wifi- eta aireztapen-instalazioak eta -sareak izango ditu– zoru bero-emailea izango du, eraikin nagusiak bezala; sistema efizienteagoa eta egokiagoa da bolumen horretarako eta aurreikusitako erabilerarako.