Bilboko Udal Txistulari Bandak indarrak batuko ditu datorren astean Aldapeko Basque Latin Jazz musika taldearekin. Euskalduna Jauregiak talde biek eskainiko duten 'Zirt zart' izeneko ikuskizuna jasoko du astelehenean, azaroaren 27an, arratsaldeko 19.00etatik aurrera.

Ekitaldiak esperientzia musikal aparta promesten du, euskal kantu tradizionalen aberastasuna jazzaren sofistikazioarekin eta son, runba eta txa-txa-txaren Karibeko erritmoekin uztartuz.

Emanaldi honetarako berariazko moldaketak egin dira, bi taldeek beren tinbreak maisuki fusionatu ahal izan ditzaten, publikoari karibeko erritmoz eta doinu liluragarriz betetako esperientzia paregabea eskainiz. Oraingo honetan, Peio Irigoien arituko da zuzendari lanetan.

Imanol Iribarren pianista eta tronboi-jotzaile talentudunak 2017an ekin zion Aldapeko Basque Latin Jazz proiektuari, Rotterdamgo Codarts University Of Arts-eko Kontserbatorioan antzinako euskal melodien eta erritmo latinoen arteko harremanari buruzko tesiaren ondorioz.

Taldea ideia honen inguruan sortu zen, musikari gazte eta talentudunak bilduz: Harkaitz Bastarrika baxu elektrikoan, Manu Pinzón baterian, Eva Catalá kongetan eta perkusioan, Peio Irigoien txistu, dultzaina eta tronpetan, Asier Ardaiz tronpetan, Álvaro Jarauta eta Iñigo Corao tronboian. Emaitzekin hain liluratuta geratu zirenez, bandarekin jarraitzea erabaki zuten. Txistulari boskotearekin batera eskainiko duten kontzertura bertaratzen direnek aukera berriak eskaintzen dituen esperientziaz gozatu ahal izango dute, bai erritmoari, bai tinbreari eta testurari dagokionez.

Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.

Bilboko Udal Txistulari Bandaren datozen hitzorduei erreparatuz, Campos Elíseos Antzokia Gabonetako ospakizunen epizentroa izango da. Txistularien boskotea estrainekoz arituko da eszenatoki honetan. Abenduaren 18an "Elur malutak" izeneko kantaldia izango da. Ekitaldian Bilbao Musikako Haur eta Gazte Abesbatzak, Ahotsak abesbatzak eta Bilbao Musikako txistu ikasleek hartuko dute parte. Musikaz gain, Gurutze Beitia aktorea ere izango da kontzertuan, bere poza eta xarma gehituz. Gau magikoa Campos Elíseos Antzokian, non musika, emanaldia eta Gabonen ospakizunak harmonia ederrean batuko diren.