Biztanleriaren artean euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea helburu duen Berbagunea ekimenaren edizio berri bat ospatuko da ostegun honetan, azaroaren 23an, Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatutako eta Ulibarri Euskaltegiak eta Athleticek antolatutako hamargarren edizio hau San Mamesen egingo da, eta aurrekoetan bezala, Bilboko alkate den Juan Mari Aburto izango da bertan.

1.500 lagun bilduko dira San Mamesen egun osoan euskaraz hitz egiten – ordu eta erdiko lau txanda, 09:30etik 18:30era –, klubak 125. urteurrena ospatzen duen urtean.

Berbagunean adin eta egoera guztietako euskaldunak, ikasleak eta euskarazaleak elkartzen dira, bai herritarrak, bai kulturaren, ekonomiaren, kirolaren edo politikaren ordezkariak, mahaien inguruan (world kafe formatuan), hainbat gairi buruz euskaraz hitz egin dezaten giro atsegin eta lasai batean. Alkatea hitzordu horretara joango da, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia eta udalbatzako beste kide batzuekin batera.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak euskararen inguruko ekitaldi jendetsu honen garrantzia eta edertasuna nabarmendu du, eta bere meritua azpimarratu du: "euskarazko hizkuntza-harremanak sustatzen, bultzatzen eta ikusarazteko espazioak sortzen ditu normalizaziotik abiatuta, Bilbo gero eta euskaldunagoa izan dadin, gure hizkuntza hitz egin eta entzun dadin, gure kale, plaza eta parkeetan naturaltasun osoz eta egunero bizi dadin".