Síguenos en redes sociales:

Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimak omenduko ditu Bilbok aste honetan

Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimak omendu eta gogoratuko ditu Bilbok aste honetan, ostegunean eta ostiralean Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearekin batera antolatutako hainbat ekitaldien bitartez. Ekimen horiekin, gainera, herritarrak biktimen minera hurbildu eta kontzientziatu nahi dira, gizartean ikusgarri izan dadin.

Lehenengo jarduera erabat doakoa izango da jendearentzat, eta azaroaren 9an egingo da, 19:00etan, BBK aretoan (Kale Nagusia 19, 21). Izenburua Viaje al fin de la noche du eta María San Miguelek bere konpainiarekin (Proyecto 43-2) idatzi zuen. Antzezpenean, pieza dokumental bat taularatuko da, benetako gertakarietan oinarrituta, "euskal terrorismoak familietan sortu duen gatazka eta familiek jasan behar izan duten herentzia" berriz aztertzeko.

Hain zuzen ere, argumentua taberna batean gertatzen da. Bi pertsona daude bertan, ETAren eta GALen indarkeriaren alaba bat eta seme bat, hogeita hamar urte ingurukoak. Bi protagonistek "beste batzuek haientzat eraiki eta suntsitu dutenarekin bizi behar dute. Indarkeriak utzi dien herentzia osoarekin".

2017an estreinatu zen eta San Miguelek eta Alfonso Mendiguchíak antzezten dute. Hauxe da Bilbon ikusi ahalko den lehenbiziko aldia. Modu berean, obra hau trilogia oso baten parte da, Rescoldos de paz y violencia izenekoa, konpainiaren sortzaile eta zuzendariak idatzia.

Antzezpenaren ondoren, mahai-inguru bat egingo da. Topaguneko hiru biktimek parte hartuko dute, eta euren esperientziaren berri emango dute.

Iaz, Udalak eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneak indarkeriaren arazoari heltzea erabaki zuten, formatu eszenikoaren bidez, La mirada del otro izenburupean. Lan horren bigarren atala dugu hau. Oso gidoi zehatza dauka: "Langraiz bidea" izenekoaren testuinguruan, ETAren terrorismoaren biktimen eta biktimarioen artean egin ziren topaketa errestauratiboetan oinarritzen da.

Viaje al fin de la noche lanarekin beste urrats bat eman da, oraingoan protagonismoa seme-alabei eta euren sufrimenduari eskainiz, “gizarte berri bat eraiki behar dutelako, bakean, eta bertan bizi”. Izan ere, egileak dioenez, “kontakizun mediatiko, politiko eta literarioa gatazkaren protagonistek okupatzen zuten”.

Lore-eskaintza ostiralean

Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak omentzeko eta oroitzeko bigarren ekitaldia datorren ostiralean izango da, azaroak 10, Memoriaren Eguna dela-eta. Casilda Iturrizar parkearen pergolaren ondoan dagoen monolitoaren inguruan lore-eskaintza bat egingo da.

Herritarrentzat irekia izango da ekitaldia, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izango da burua, Udalbatzako ordezkariek eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideek lagunduta.

Ekitaldi horretan, Eskolapioetako eta Artxandape Ikastolako ikasleek oroitzapenezko testuak irakurriko dituzte, Bilbon terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen mina eta hurbileko historia gazteei hurbiltzeko.

Bakearen eta bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 2017ko urriaren 16an sortu zen, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa.

Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostea eta haien inguruan lan egitea.

Enpatiaren, elkartasunaren, erantzukizunaren, konpromisoaren, tolerantziaren eta aniztasunarekiko errespetuaren balioetan oinarrituta, Bilboko Topaguneak honako konpromiso hauek ere hartu ditu: “biktimak aintzatestea, elkarrizketa ahalbidetzea bai biktimekin bai euren artean, adostasun politiko nahiz sozial handia lortze aldera, eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak aintzatesten eta babesten dituen lege-esparru bat garatzen jarraitzeko”.

Bilboko Topagunean biktimak, alderdi politikoak eta bakearen eta bizikidetzaren arloko adituak daude.