Castaños, Matiko eta Loruri izango dira Argazkineta ekimenaren hurrengo geralekua. Hala, hiru auzo hauek osatuko dute bertako oroitzapenak biltzeko helburua duen programa honen bosgarren edizioa. Argazkiak eta beste hainbeste objektu biltzeko furgoneta Castañoseko Funikular plazan egongo da urriaren 16tik 25era bitartean, eta Matikoko Uzturre plazan urriaren 26tik azaroaren 4ra arte.
Horrela, Argazkineta Castaños, Matiko eta Loruriko pertsona guztien bisitaren zain egongo da, zuri-beltzeko edo koloretako argazkiak (paperean edo digitalizatuta), diapositibak eta negatiboak, bideoak edo filmak (super 8, VHS, BETA) edo beste edozein formatutan – hala nola planoak, zirriborroak, egunkarietako ebakinak, aldizkarietako ebakinak, bandoak, aktak, kartelak, liburuxkak edo pegatinak, guztiak 2000a baino lehenagokoak – partekatu nahi badituzte, dokumentu eta istorio horiek bizitza luzatzeko eta garai berrietara birziklatuko dituen formatu digitalera eramateko.
Argazkinetak historia komunei buruzko materialak eta oroitzapenak bilatzen ditu, "komuna" zentzu bikoitzarekin ulertuz: alde batetik, oroimen kolektibo eta partekatuko oroitzapenak; eta, bestetik, auzoko ohiturak, ospakizunak, tradizioak edo eguneroko bizitza partekatzen eta ezagutzen lagunduko duten materialak.
Furgonetak "historiaren lekukoak" behar ditu eta, misio honetarako, ez dago inor egokiagorik bere historia ezagutzen duen auzoko jendea bera baino, hiru auzo horietako historia eta bizipenen lekukotza eman ahal izango dutenak, auzoaren kontakizuna aldi jakin batean modu kolektiboan eraikitzeko lanean lagunduz.
Bildutako materiala publikoarekin partekatuko da abenduan, Argazkineta Show ekitaldian. Ekitaldi dibertigarri, parte-hartzaile eta atsegina izango da, eta Argazkineta proiektuan parte hartu zutenek helarazitako argazkiak, bideoak, oroitzapenak eta bizipenak proiektatuko dira.
Aurreko edizioak
Proiektua 2019an jarri zen abian, Zorrotza auzoan, eta Elorrieta, San Inazio, Ibarrekolanda, Sarriko, Santutxu eta Abusu - La Peña auzoak zeharkatu ditu.
Aurreko edizioan, Abusu – La Peña auzoan, 500 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Argazkinetara, eta digitalizatutako 1200 dokumentu eta artxibo inguru bildu ziren, orain Bilboko udal artxiboaren parte direnak.
Bilbao Izan
Ekimen hau Bilbao Izan proiektuaren barruan kokatzen dira. Bilbao Izan markaren atzean, Udalak Kultura uriaren funtsa zabaltzeko bultzatzen dituen programa guztiak: ibilbide historikoa, altxorra, pertsona ospetsuek utzitako arrastoa, ondare artistikoa, hiri-konfigurazioa, auzo bakoitzaren historia berezia, kaleak eta txokorik enblematikoenak, etab.
Bilbao Izan batez ere bertako herritarrentzat da, baina bisitarientzat edo gure uriaren berri zehatzagoa eduki nahi duten pertsona guztientzat ere zabalik dago.
InfoBilbao
Bilboko Udalak InfoBilbao udal informazio buletinaren ale berri bat argitaratuko du, Castaños, Matiko eta Loruriko udal ekipamenduen sarearen bidez postontzietan jaso eta banatuko dena, eta herritarrak gonbidatuko ditu XX. mendean auzoak izan duen bilakaera historikoa islatzen duten argazki, bideo eta bestelako artxiboen bilketan parte hartzera.
Hori, gainera, udal webguneko "Udal argitalpenak" atalean deskargatu ahal izango da, PDF formatuan.