Goizean Bilboko udaletxean egindako ekitaldiari jarraipena emateko, Udalak 'Bilbo, Adinekoen Lagun' izeneko sariak entregatu egin ditu arratsalde honetan Campos Antzokian, atzo ospatutako Adinekoen Nazioarteko Eguna dela-eta.

Galaren hirugarren edizio honetan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak José Ramón Garcia, Marina Montero, Alfonso Gomez Rodriguez eta Moises Arce Espiñari eman dizkie "Bilbo, Adinekoen Lagun" sariak, uriko 600 adinekoren baino gehiagoren eta zinegotzien eta erakunde-kargudunen ordezkarien aurrean.

Herritarrek parte hartu dute saridunak aukeratzen, eta aintzatespen horiek pertsona horien ibilbide altruista eta beren bizikidetzarekiko konpromisoa nabarmentzen dituzte; Bizkaiko hiriburuaren, auzoen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa alegia, Bilbo bizitzeko leku atseginagoa bihurtzen laguntzekoa.

Juan Mari Aburto alkateak nabarmendu nahi izan du sarituek komunitatea eraikitzeko egindako ekarpena eta gizartearen eta Bilbo adiskidetsuaren alde modu boluntarioan lan egiteko duten gaitasuna.

Era berean, bizitza-luzera berriaren gakoei buruz hitz egiteko beharraz jardun du: "90 edo 100 urtera autonomiaz iristeko eta mendekotasuna ahalik eta beranduen hel dadin, ziur gaude gakoa zahartze aktiboa, prebentzioa eta zaintza direla".

Aurreko edizioetan saritutako pertsonak

Udalak 2015. urtetik ematen ditu sari horiek, eta, harrezkero, pertsona hauei egin die aitorpena:

  • 2015: Ibon Areso, Satur Abón eta Florentino Martinez Gonzalez
  • 2016: Sabin Ipiña, Mª Jesús Cava eta Mª Luisa Mendizabal
  • 2017: Jesús Antonio Pérez Arróspide, Iñaki García Ergüin eta Begoña Ariño
  • 2018: Alfonso Dubois, Begoña Rueda eta Mikel Bilbao
  • 2019: Carlos Zubiaga, Ana María Peña eta Begoña Aguirrezabal
  • 2020: Luciano Azpiazu, Teresa Reizabal eta Txetxu Lombardero
  • 2021: Iñaki Irigoien, Araceli Rozas eta Encarnación Velasco.
  • 2022: Maria Victoria del Bado, Isabel Osorio eta Miguel Angel Fernandino.

Bilbo, Adinekoen Lagun

"Bilbo, Adinekoen Lagun" sariak 2020-2024 aldirako "Bilbo, Adinekoen Lagun" III. Udal Planean sartzen dira, eta haien helburua da aitortza egitea uria eta auzoak bizitzeko toki atseginagoak bihurtzeko norbanakoek eta kolektiboek izandako dedikazioari eta egindako lanari.

2021eko urrian, 2020-2024 aldirako “Bilbo, Adinekoen Lagun” III. Udal Plana aurkeztu zuen, zahartze aktiboaren ideian oinarrituta. Udal-estrategiaren hirugarren bertsio horrek parte-hartzaileagoa, irekiagoa eta malguagoa dela du ezaugarri nagusi gisa. Asmoa da jarduketa eta estrategia berriak txertatzea, herritarrek behar eta aukera berriak sortu ahala.

Era berean, Udal Plan hori bat dator Bilboko Balioen Agiriarekin (Bilbao Balioen Hiria) eta Agenda 2030eko garapen jasangarriko helburuekin.