Datorren ostegunean, irailaren 28an, Indautxu plazak bidezko merkataritzako produktuak ezagutzera emateko helburu duen sentsibilizazio-kanpaina bat jasoko du. Jardunaldia arratsaldeko 17.00etatik 20.00etara bitartean ospatuko da, eta bertan antzerkia, ipuin-kontalariak, munduko jolasak eta beste ekitaldi batzuk egingo dira, besteak beste.
Kontxi Claver Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak azaldu duenez, “Pobrezia, abusuzko lan-baldintzak, kostuen oso azpitik dauden eta soldatak legezko gutxienekotik urrun uzten dituzten prezioak, haurren lan-esplotazioa edo ingurumenaren degradazioa dira kafearen, tearen, azukrearen, txokolatearen edo arropa atzean ezkutatzen diren arazoetako batzuk”. Produktu horiek badute ezaugarri komun bat: batez ere, Latinoamerikako, Asiako edo Afrikako herrialdeetan ekoizten dira.
Arazo horren aurrean, Bidezko Merkataritzako produktuek lan eta giza eskubideak, soldatak eta baldintza duinak errespetatzen dituztela bermatzen dute, haurren esplotazioa debekatzen dute, genero berdintasunaren aldeko apustua egiten dute eta lurra eta ingurune naturala errespetatzen dituzten teknikekin ekoizten dira.
Eredu komertzial hori 60ko hamarkadan jaio zen, eta eta gaur egun 70 herrialdetan baino gehiagotan dago. Kafea, kakaoa, azukrea, tea edo arropa dira eredu komertzial horretako produkturik esanguratsuenak. Estatuan, azkenengo urtean, bidezko merkataritzaren salmentak etengabe hazi dira, eta 144 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa lortu dute, batez ere elikagaiei esker. Ehungintzak, azken urtean, milioi bat euro handitu du fakturazioa.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Bidezko Merkataritzaren Sareak jardunaldi hau antolatu dute “kontsumitzaileen arreta erakartzeko, abusuzko baldintza horien guztien aurrean”, Kontxi Claverrek zehaztu duenez. Herritarrek, webgune interaktiboaren bidez, errealitate horiek ezagutu eta ekimenean parte har dezakete.
Indautxu plazan izango da, eta jarduera ludiko ugari eta produktuen salmenta izango ditu erakunde hauen eskutik: Bizkaiko Bidezko Merkataritzako erakundeak, Proclade-Yanapay, Adeco elkartea, Setem Hego Haizia, Oxfam Intermon, Kidenda eta Fundación Vicente Ferrer.
Hiriko salmenta-puntu guztiak zehaztuko dituen kaleen mapak
Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta-puntuen mapak ere banatuko dira. Kale-mapa hori liburuxka formatuan eta formatu digitalean dago eskuragarri. Argitalpen horretan, ia 80 saltoki, jatetxe eta taberna jasotzen dira, eta izendapen horri atxikitako hiru produktu eskaintzen dituzte gutxienez. Helburua herritarrak kontsumo arduratsuan sentsibilizatzea eta inplikatzea da, Hegoaldeko herrialdeetan eragin positiboa izan dezan.
Denda horiek hiriko barruti guztietan daude, eta Bidezko Merkataritzako produktuen aukera zabala eskaintzen dute. Bidezko Merkataritzako erakunde horietan 13 langilek eta 151 boluntariok lan egiten dute, gehienak emakumeak.
“Ahaldunduak. Bidezko merkataritzako emakumeak" erakusketa
Era berean, urriaren 4tik 18ra arte, Abandoko tren-geltokian, “Adif-en Geltoki Irekia” programaren barruan, “Ahaldunduak: Bidezko Merkataritzako Emakumeak” erakusketa egingo da. Erakusketa hori Udalak ekoitzi du Bilboko Bidezko Merkataritzako Estatuko Koordinakundearekin eta GGKEekin lankidetzan. Erakusketa hau 22 panelek osatzen dute, gaztelaniaz eta euskaraz, Indian, Nikaraguan eta Marokon Bidezko Merkataritzaren estandarrekin lan egiten duten emakumeen bizipenekin.
2012tik aurrera bidezko merkataritzaren aldeko hiria
Bilbo Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiria da 2012. urteaz geroztik, eta hori GKEek, saltoki txikiek, ikastetxeek eta Udalak berak egindako lanari esker lortu da. Horren helburua da merkaturatzea zabaltzea eta, horrela, Hegoaldeko herrialdeetan eragin positiboa izaten laguntzea. Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiria izateak udalerri eredu jakin bat dakar berarekin, Bidezko Merkataritzako ekoizle talde txikien eta produktuen errealitatea herritarrengana hurbiltzea sektore publikoaren bidez eta merkataritza, ostalaritza, enpresa, hezkuntza eta elkarte sarearen bidez.
- 1996tik dabil Bidezko Merkataritza eta kontsumo arduratsu eta jasangarria bultzatzen duten ekintzak eta proiektuak antolatzen eta laguntzen. Bilboko Udalaren Garapen Lankidetzarako laugarren Plan Zuzentzaileak (2022-2030) ere bere helburuen artean du bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatzea, GGKEekin eta beste udal sail batzuekin lankidetzan.