Bilboko Udalak adineko pertsonek seguru ibiltzea nahi du eta horregatik, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak "Adineko pertsonak, aktibo eta seguru: zure esperientzia bizi-aseguru onena da; ez utzi ikasteari” hitzaldia antolatu du gaur Otxarkoagako udaltegian. Helburua, adineko pertsonen segurtasuna hobetzea euren joan-etorrietan, eta, aldi berean, bizimodu aktiboa izatera animatzea.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak aurkeztu du ekitaldi hau, zeina MEAren barruan prestatutako jardueren agendan kokatzen baita. Bertan, hiriko kaleetako datuak ezbehar-tasaren barruan sartzeak eta murrizteak dakarren erronkari balioa eman zaio. Berak esan duenez, "testuinguru horretan, gidariari laguntza emateko sistema aurreratuen teknologia berriak (ADAS) ibilgailu berrietan txertatzea eta Bilbo 30ean ekimena (Bilboko kaleetan gehieneko abiadura 30 km/h-ra murrizteko) funtsezko neurriak dira ibilgailuen gidari eta bidaiarien segurtasuna nahiz errepideen gainerako erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko, oinezkoena eta txirrindulariena barne".

Nora Abetek esan duenez, “tamalez, gure kaleetan adinekoek oraindik ezbehar asko izaten dituzte”. Hiri iraunkorragoa, lasaiagoa, seguruagoa eta gizatiarragoa lortzearen alde egin du. Esther Martí DGTko Bizkaiko trafikoko burua hitzaldian izan da. Adinekoen egoeraren erradiografia egin du, eta kolektibo hori bizi-kalitatea hobetzeko bizitza aktiboa egitera –baina bide-arriskua handitu gabe– animatu du. Biztanleriaren zahartzea da gaur egungo gizarteen erronka handietako bat. Bilbon, 2030ean, 10 pertsonatik 3k 65 urte baino gehiago izango dute, eta 85 urtetik gorakoen kolektiboa biztanleria osoaren % 5,4 izango da.