Martxan dira Buia eta Abusu auzoak lotzeko ibilbidea eraikitzeko lanak
Bilboko Udalak 615.462 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa kanpo, Buia eta Abusu auzoak lotzeko, oinezkoen ibilbide jarraiki eta irisgarri baten bidez. Bide berria eraikitzeko lanak astelehen honetan hasi dira, uztailaren 24an, eta espero da bost hilabetean burutzea, batik bat.
Zehazki, espaloi berri bat eginaraziko da Montefuerte parkearen ipar-mendebaldeko muturrean, Buiako bidearen luze osoan zehar, auzotarrek bide seguru bat izan dezaten, zeren eta gaur den egunean, leku horretan ibiltzeko, galtzadaren beraren bazterretik joan beharra baitago, edo alboz albo doan legarrezko bide batetik.
Espaloi berria 2,4 metro zabal izango da, eta Buiako bidearen ondoan joango da, alboz albo, egungo bide-bazterraren lekutik.
Ibilbidea egiteko, terrazozko lauza zuri eta gorriak erabiliko dira oinezkoak ibiliko diren guneetan, eta lauza podotaktilak, oinezkoen bide bat non hasten eta/edo non amaitzen den adierazteko, espaloi berriaren ertzean joango den zintarriaz gain.
Euri-urak husteko, hormigoizko areka bat eraikiko da, eta argiteriaren lurpeko kanalizazioa ere eginaraziko da. Espaloi berrian zehar, 54 led argi berri ipiniko dira, eta argi bakoitzak urrundik kudeatzeko nodo bat izango du.
Halaber, argiteriaren linea ere ezarriko da Buiako bidean zehar, orain dagoen oinezkoen pasabidearen eta A-8 autobidearen peko tunelaren artean.
Lekuz aldatuko dira zutiko seinale guztiak, eta baita ere norabide-seinaleen zutoina eta eginaraziko den espaloiaren ibilbidean dauden mugarri ertz zorrotzekoak.