Datorren astelehenetik ostiralera bitartean, hau da, ekainaren 26tik 30era, BilbaoArte Fundazioak bere ateak irekiko ditu, jendeak zentroko artisten lanak ikusteko aukera izan dezan. Inaugurazioa arratsaldeko 19.00etan izango da, eta bertan hartuko dute parte Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Kultura eta Gobernantza zinegotzi Gonzalo Olabarriak eta zinegotzien ordezkari batek. Hurrengo egunetan, 17.30etik 20.30era egongo da zabalik. Hala, bost egunez, guztira 20 proposamen artistiko ikusi ahal izango dira, azken sei hilabeteetan zentroko tailer berrituetan egindako lanaren emaitza direnak.
Adin eta jatorri desberdinetatik, bai Euskaditik (proposamenen heren bat baino gehiago), bai Estatuko gainerako herrialdeetatik (Santander, Bartzelona, Madril, Valentzia, Huesca), bai nazioartetik (Austria, Israel, Peru), erakusketa kolektibo hau osatzen duten artistek gaur egungo arte garaikidearen irudi bat osatzen dute. Lan horien bidez, arte garaikidearen azken joera, modu eta lan-prozesuen lagin adierazgarri bat ikusi ahal izango da.
Ikusi ahal izango diren artistak honako hauek dira: Alexia Sayago, Irantzu Yaldebere Arteaga, Juan Diego Tobalina, Anat Moss & Jara Roset (Colectivo Rudera), Edu Valls, Marta Van Tartwijk Crespo, Jorge Isla, Imanol Zubiauz, Alejandro González Osés, Izaro Ieregi, Patrik Grijalvo Milllois, Nerea Castaño Gonzalo, Martín Del Busto, Jonathan García Lana (Tunipanea), Taxio Ardanaz, Mikel Godoy, Desirée Moreno García, Isaac Cordal Quintans, Saray Pérez Castilla eta Harald Gmeiner.
Jardunaldien azken egunean, Zuhar Iruretagoiena, Fermin Moreno eta Miriam Ocariz artistek osatutako epaimahai batek estudioak ikuskatuko ditu eta 2024an bakarkako erakusketa bat egiteko proiektuak aukeratuko ditu. Erabakia arratsalde horretan bertan jakinaraziko da artistei. Artisten egungo promozioaren alde egitearen ondoren, beken eredu berri bati emango zaio bide, eta irailera arte mugituko da programaren hasierako hilabetea, urtarrila izan beharrean.
Urteari atzerabegirakoa
2023an, BilbaoArte Fundazioak lau ardatz nagusitan oinarritu du bere jarduera: artistak, zentroko lan-tailerrak, truke-programak eta Abandoibarrako erakusketa-areto berria.
Alde batetik, Fundazioak 2023ko lehen seihilekoa amaitu du zerbitzua eman ahal izan dien 100 artista baino gehiagorekin, modu profesionalean lan egin ahal izan dutenak zentroko azpiegitura berrituei eta langileen laguntzari esker. Ekainaren hasieran itxi zen BilbaoArte 2023-2024 Beka berrietan parte hartzeko proposamenak jasotzeko epea 265 eskaerekin, hau da, aurreko deialdian baino %30 gehiago. Gainera, ekoizpenerako laguntzak hobetu egin dira azken edizioan, 1.200 eurotik 2.000 eurora igoz, bai eta iraupenean ere, hiru hilabetetik bostera luzatuz.
Bestalde, urtarrilean zentroa aldi baterako itxi ondoren, otsailean amaitu ziren tailerren eremua eraberritzeko lanak, fabrikazio digitalaren, edizioaren eta inprimaketaren arloak hobetzea eta handitzea ahalbidetu zituztenak. Banaketa berriak lantegiak solairu berean zentralizatzen ditu, diziplinartekotasuna bultzatuz, lan-azaleretan irabaziz eta artistentzako estudioak asteburuetan irekitzea ahalbidetuz.
Gainera, iaz UPV/EHUrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, beka jaso duten proiektuen artean Alexia Sayagorena dago, Unibertsitatearen bitartez programan onartua. Nazioarteko mailan, Saray Pérez Castillak Fondazione Bevilacqua la Masan (Venezia) egoitza artistiko batean parte hartzen du, Otaola Ubieta bekaren lankidetzari esker. Era berean, Kunsthaus Bregenz-ekin (Austria) hitzarmena berritu zen eta, horren bidez, Harald Gmeiner hartu zen BilbaoArten eta Javier R. Pérez-Curiel bidali zen Bregenzera.
Azkenik, apirilean hasi ziren Abandoibarrako zentroaren erakusketa-areto berriaren lanak. Datorren azaroan 25. urteurrena ospatzen ari den honetan, zentroa erakusketa prestatzen hasiko da gune hau inauguratzeko. Aldi berean, bildumako obra berrikusi, zaharberritu eta prestatzen da, udan leku berri horren biltegira eramateko.
Jardueren programari dagokionez, BilbaoArtek Euskal Irudigileak elkartearekin, Irudika Ilustrazio Topaketarekin, Bonito Editorialarekin, (H)emen Elkartearekin eta Zinegoak Elkartearekin kolaboratu du. Bakarkako lau erakusketa ekoitzi ditu; 22 film proiektatu ditu artean espezializatutako bi zinema-ziklotan eta jaialdi batean; bost hitzaldi eta hiru ikastaro eman ditu; eta bost argitalpen propio ekoitzi ditu.