Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, hiribilduko enpresen talentua eta lehiakortasuna garatzen laguntzeko helburua duen Bilbao Mentoring Conference ekimenaren edizio berri bat ospatuko da datorren asteartean, ekainaren 27an. Ekimen hau Bilboko Udalaren Bilbao Ekintza udal-sozietateak antolatzen du, eta aurten seigarren edizioa ospatuko da.

Topaketan, alderdi estrategikoen inguruan eztabaidatu eta mentoringaren gaineko askotariko alorretako bizipenak partekatuko dituzte  ekintzaile, erakunde eta enpresek. Judie Gannon hizlariak eskainiko du hitzaldi nagusia, Erresuma Batuko Oxford Brookes University-ko Oxford Brookes Business School Doktoretza Programetako zuzendaria. Ondoren, “Mentoringa enpresa handietan” mahai-ingurua antolatuko daMaite Saénz moderatzaile dela (ORH Observatorio de RRHH delakoko zuzendaria). Gainera, hauexek izango dira parte-hartzaileak: David Núnez, Supsonik (Grupo Velatia) delakoaren zuzendari nagusia; Mónica del Solar, Human Resources Business Partner SGS delakoan, eta María Soler, Roche Farma-ko Lidergo, Ikaskuntza eta D&I-ko arduraduna.

Eguna bukatzeko, beste mahai-inguru bat antolatuko da: “Mentoring ekintzaile eta ETE-entzat”. Hauek izango dira parte-hartzaileak: Ana Fernández, Espainiako Ekintzailetzako Behatokiko presidentea eta Kantabriako Unibertsitateko Yunus Zentroko zuzendaria, moderatzaile gisa, eta, hizlari gisa, Ricard Julià, IESE Business School-eko WeGrow mentore-hartzailea eta IZI Record-eko CEOa; Mayte Varela, nazioarteko mentorea Mentoring Bridgeforbillions programan, eta  Larú Mayte Linares, Emakume eta Gizarte Ekintzailetzako kudeatzailea eta Panamako Ciudad del Saber Fundazioko Mentoreen Sareko zuzendaria.

Ekitaldia mentoreei zein giza baliabideetako eta aholkularitzako langileei dago zuzenduta, bai eta unibertsitateko zein beste prestakuntza-erakunde batzuetako langileei ere, eta, orokorrean, mentorizazio-programak garatzen dituzten entitateei. Doan eman daiteke izena jardunaldian, eta estekaren bitartez egin daiteke.