Aurrera darrai Bilboko Udaltzaingoa gidarien zein oinezkoen segurtasuna hobetzen, trafiko-kanpainak abiaraziz. Joan den astean gidatu bitartean gailu elektronikoen erabilera kontrolatzeko ekimena jarri zuen martxan, eta oraingo honetan ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina abiaraziko du. Euskadiko BIde Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren baitan antolatutako kanpaina hau bihartik, ekainak 5 (astelehena), datorren igandera arte, hilak 11, egongo da martxan.

Kanpaina honetan arreta jarriko zaie hiru alderdi hauei: IAT egunean edukitzea; pneumatikoen egoera eta higadura-maila –batez ere itsaspenari dagokionez, hori funtsezkoa izan baitaiteke lurzoru busti batean istripurik gerta ez dadin– eta, azkenik, argiak.

Ekimen honen helburua da gidariak kontzientziatzea gidatzean duten erantzukizunaz, istripu-tasa saihesteko eta gure errepideetan bide-segurtasuna bermatzeko.

Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasunaren Dibisioan jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aldez aurretik ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

2022an Bilboko Udaltzaingoak egindako kanpainen datuak

2022an Ibilgailuen Azterketa Teknikoari buruzko kontrol-kanpainetan Bilboko Udaltzaingoak 640 ibilgailu ikuskatu zituen. Horietatik 142 salatu zituen, IAT epe barruan ez egiteagatik, 16 asegurua indarrean ez izategatik, lau argien akatsengatik, bat direkzio-adierazleengatik eta bi egoera txarrean zeuden pneumatikoengatik, eta beste 22 arau-hauste desberdinengatik.