Astearte honetatik aurrera Bilbok Bilbobuseko zerbitzu-linea berri bat du. Izan ere, Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak 55. linea Larreagaburu-Miribilla // Mina del Morro - Miribilla inauguratu du. “Alde batetik, Bilbobuseko sarea zabaldu dugu, bilbotarrak eta auzoak garraio publikoaren bidez lotzen jarraitzeko. Eta bestetik, auzotarren eskaera bati erantzungo diogu eta lotura-mapa osatuagoa sortuko dugu Bilbobusen, uriaren premiekin bat datorrena", adierazi du Nora Abetek, Bilboko Udalaren Mugikortasun era Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkaria.

Linea berri hau auzook euren artean eta erdigunearekin lotzeko garraio publikoko premia bati erantzuteko sortu da, eta 2021-2025 aldiko Zubirik Planean proposatutako neurrien artean dago, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko.

Linea Indalecio Prieto 16tik (Larreagaburu) Xenpelar/Gernikara (Miribilla) joango da, Bilbo Zaharrean zehar. Itzulera, Miribillatik Larreagabururaino, Atxuritik egingo da. Ibilbideak 24 geraleku dauzka guztira, 16 Miribillako noranzkoan eta 8 Indalecio Prietoko noranzkoan.

55. linea martxan jarri da San Frantzisko kalea zirkulaziora ireki ondoren. Kale hori azken hilabeteetan itxita egon da Mirasol Kondearen eta Bailen arteko tartean, hornidura-sarea berritzeko eta espaloiak handitzeko egin diren lanen ondorioz. Lan horiek Zubirik Planeko 36 neurrien artean ere jasota zeuden, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Gehikuntza honekin, Bilbobusek 45 linea izango ditu, horietatik 28 konbentzionalak, 9 auzolinea eta 8 gautxori. Gainera, linea bereziak daude. Bestetik, Bilbobusek 141 autobuseko flota du eta zerbitzuak 540 geraleku dauzka Bilbo osoan zehar; hau da, biztanleriaren % 97,3k 200 metro baino gertuago geltoki bat dauka. Gogoratu behar da, halaber, erabiltzaileek linea-aldaketa egiten badute bigarren autobusa doakoa dela, aldaketa, gehienez ere, 45 minuturen barruan egiten baldin badute. Une honetan, Bilbobuseko flotaren % 80 berrituta dago eta autobusek, batez beste, 3,89 urte dituzte. Udal garraio-zerbitzuko 141 autobusetatik, 94 ibilgailu hibridoak dira eta 13 elektrikoak. Era berean, ikasgela-bus bat dago ikastetxeetara bisitak egiteko.

Azkenik, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak gogorarazi nahi izan du bihartik aurrera (otsailak 8, eguaztena) maskara ez dela derrigor erabili behar izango garraio publikoetan, eta eskerrak eman nahi dizkie bilbotar guztiei hilabete hauetan guztietan eman duten laguntzagatik.