Síguenos en redes sociales:

Bilbok 'Sexu eta genero aniztasuneko politika publikoak' jardunaldia jasoko du

Datorren asteartean, abenduak 13, administrazio publikoan LGTBIQ+ politikak diseinatzeari eta garatzeari buruzko jardunaldi bat egingo du Bilboko Udalak, 'Sexu eta genero aniztasuneko politika publikoak' izenekoa.

Era berean, jakin nahi da zer premia eta proposamen planteatzen dituen LGTBIQ+ kolektiboak, eta zein izan daitezkeen esku hartzeko jardunbide egokiak udal plan estrategikoa diseinatzeko eta prestatzeko orduan.

Programa hau administrazioko langileentzat, LGTBIQ+ pertsonentzat eta elkarteentzat, eta hirugarren sektoreko entitateentzat izango da, eta Bilboko LGTBIQ+ elkarte eta kolektiboetako ekintzaileak eta unibertsitate-esparruko adituak izango ditu partaide.

Alde batetik, hauek izango dira txostenen egileak:

  • Gracia Trujillo, Soziologian doktorea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Hezkuntza Fakultateko irakaslea. "Teoria eta praktika politiko feministak eta LGTBIQ+: ibilbideak, aliantzak eta egungo erronkak".
  • Gerard Coll, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Soziologian doktorea, Vic-eko Unibertsitateko irakasle titularra eta Centre d’Estudis Interdisciplinaris de Gènere-ko zuzendaria. “Sexu eta genero aniztasuneko politikak: bidegurutzeak, atakak eta pista batzuk”.
  • Elena Olaortua, ALDARTE lesbiana, gay eta transen arretarako zentroko abokatua. “Tokiko LGTBIQA+ migrazio-politikak: egin dezagun posible!”.
  • Andrea Momoitio, kazetaria eta Pikara Magazine-ko koordinatzailea. "Lesbianak eta komunikabide feministak".

Beste alde batetik, mahai-inguruan Bilboko LGTBIQ+ elkarteek parte hartuko dute. Samurrak Aniztasuna, Ortzadar LGBT Elkartea eta Zinegoak elkarteetako ordezkariek hainbat esku-hartze esparrutako behar espezifikoak identifikatuko dituzte, hala nola:

  • Prestakuntza eta sentsibilizazioa
  • Gizarte eta osasun arlokoak
  • Arlo juridiko-administratibokoak
  • Elkarteen papera politika publikoen aldaketan.

Uriko LGTBIQ+ errealitateari buruzko diagnostikoa

Saio hau LGTBI errealitateari buruz urian egiten ari den diagnostiko-prozesuaren testuinguruan programatu da. Helburua, udal politikan sexu eta genero dibertsitatearen integrazioan aurrera egitea. Jarduketa hau sortu berri den LGTBI Foroan kokatuta dago, eta foro hori osatzen duten elkarteek ekimen hori gauzatzearen aldeko apustua egin dute.

Parte hartzeko prozesuaren azken helburua LGTBIQ+ kolektiboaren egungo egoera zenbait esparrutan ezagutzera ematea izango da: soziosanitarioa, laborala, legegilea, hezkuntza eta prestakuntza, aisia eta kultura, segurtasuna, haurrak eta familia, baliabide publikoak, eta abar.

Bilboko LGTBIQ+ foroa

LGTBIQ+ Foroa 2020an sortu zen, eta erakundearen eta LGTBI kolektiboen arteko konfiantza-gune eta topagune izan nahi du, elkarrekin harreman-ereduak definitzeko eta epe ertain eta luzerako lan-ildo komunak adosteko. Helburua LGTBI kolektiboak eta pertsona bakoitzak sexu-aniztasunari buruz dituzten hurbilpenak eta ikuspegiak ezagutzea da. Bilboko LGTBIQ+ elkarte guztiek parte har dezaten irekita dago. Gaur egun, honako talde hauek joaten dira: Samurrak, Lgtberri, Zinegoak, Naizen, Bizigay, Ortzadar eta EGHAM.