Bilboko Udalak 5.290.471,84 euroko aurrekontua bideratuko du Masustegiko auzoko irisgarritasuna hobetuko duen igogailu makurtu bat eraikitzeko. Asteazken honetan goizean onetsi egin du Gobernu Batzordeak. Obrak urtebeteko iraupena izango dute.

Igogailu honekin, Masustegi Estratako beheko aldea (37, 39 eta 41 atarien atzealdean dagoen aparkalekuaren eremutik) eta goiko aldea lotuko dira (111 eta 113 zenbakien ondoan).

Gaur den egunean, bi inguru horien arteko konexioa oinezkoa da batez ere, eta, hori dela eta, inguruko auzotarrek ezinbestean ibili behar izaten dute eskailerak eta arrapalak dituzten ibilbideetatik, zeintzuk ez baitira irisgarriak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.

Guztira, Masustegiko etorkizuneko igogailuak lerroan 90,48 metroko ibilbidea egingo du, eta 49,86 metro garaiko desnibela gaindituko du, 1,6 metro/segundoko abiadan.

Kabinan, bestalde, hogeita bost lagun hartu ahal izango ditu, eta bideo-zaintza izango du, egunean 24 orduan.

Lan horiek egiteko, eremuaren orografia kontuan hartuta, lehendik dauden lurrak hondeatu eta hormak egin beharko dira igogailuaren hobi inklinatua eraikitzeko; eta, horrez gain, beheko igogailuratze-gunea berrurbanizatuko da, gaur egun malda handiko aparkaleku bat baitago (% 6ra gutxituko da malda hori).

Gainera, inguru osoan zoladura aldatzea eta argiteria berritzea da asmoa, bai igogailuaren eremuan, bai aparkalekuaren eremuan; eta jarleku eta paperontzi berriak ere ezarriko dira geltokietan, igogailutik ateratzeko guneetan. Era berean, euri urentzako eta drainatzeentzako kanalizazio berriak ezarriko dira, eta zuntz optikozko eta telefoniako udal-sare berri bat ere bai.