Bilboko Udalak 342.335,96 euroko aurrekontua bideratu zuen Artxandako BilboGarbi finkoan dagoen auzo-konpostagailua berritzeko. Bada, ostiral honetatik aurrera, martxan da berriro.

Artxandako BilboGarbi finkoa Egirletako gainean dago, eta BI-3741 errepidetik du sarbide zuzenekoa. Gainera, 770 metro koadroko eremu bat hartzen du, eta horietatik 40 metro koadro erreserbatu dira instalazio hori jartzeko.

Konposterako instalazio txiki bat da, 6 metro koadroko edukiera du (sei modulu, 1 metro kubokoa bakoitza), hondakin organikoak jasotzeko, eta gaurtik bertatik hasi daitezke erabiltzen bizilagunak, Hondakinak Eragozteko Europar Astearen kariaz.

Inbertsioa 20.896,50 eurokoa izan da. Horietatik, 16.248,74 euro Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu ditu, Bizkaiko lurralde historikoko hondakinak modu eraginkor eta jasangarri batean kudea daitezen sustatzeko Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ematen dituen dirulaguntzetarako deialdiaren barruan.

Abian jartzea eta ahalmena

Bilboko bizilagun guztiek erabili ahal dute konpostagailua. Hala ere, aurreikusten da instalazio horrek zerbitzuen hobekuntza bat ekartzea Artxandako egoiliarrei. Hori dela eta, abian jarri aurretik, Udalak formazio-saio bat egin du, nola erabiltzen den erakusteko, batez ere inguruko bizilagunentzat. Zehazki, saio hori iragan azaroaren 15ean egin zen, martitzenean, Castañosko Udaltegiko ekitaldi aretoan.

Edozein modutan ere, edonork eraman dezake hondakin organikoa konpostagailura, gaurtik bertatik hasita (murrizketarik gabe).

Era berean, nahi dutenek aukera izango dute konpostagailuak sortutako konposta hartzeko, sei hilean behin 1 kilogramo, gehienez ere (hori egiteko edo informazioa eskatzeko, 900 456 888 telefono-zenbakira dei daiteke).

Kontuan izan behar da Artxandan ipini dena bezalako instalazio batek 2.500 kg sor ditzakeela urtean, han utzitako 10.000 kg bio-hondakinetik.

Bestalde, Artxandako BilboGarbian bertan badago eremu libre erantsi bat, etorkizunean handiagotu behar bada ere. Hala, beraz, eskaria handitzen bada, aukera izango da instalazioari beste lau modulu gehitzeko (metro kubiko batekoa bakoitza).